Oiangualdea Stop Plataformak batzarra deitu du
Ostegunean, maiatzaren 8an, Ordiziako Barrenako areto nagusian elkartuko dira, 18:30ean.

Oiangualde Stop plataforma sortu berriak, ostegunean batzarra egingo du 18:30ean, Barrenan. Plataformak oharra helarazi du: «Ordiziako herritar talde bat oso kezkatuta gaude martxoko udalbatzan Oiangualden 82 txalet adosatu eta igerileku bat eraikitzea onartu zelako eta horregatik Oiangualde Stop Plataforma sortu dugu».
Esan dutenez, «proiektu horren oinarrian den Plan Partziala orain dela 17 urtekoa da, iraungia dagoeneko, ez da orain Ordiziak behar duena, ez etxebizitza duinak eta eskuragarriak bultzatzeko, ezta udalerria garatzeko ere. Alderantziz, aurrera eramaten bada, herritik kanpoko urbanizazio isolatua izango litzateke, kotxearen mugimenduak areagotuko lituzkeena, herritarren integraziorako oztopo eta ezberdintasunak areagotuz eta nekazal balio handiko espazioa okupatuz».
Alegazio epea luzatzeko eskatu dute: «Duela bi aste, alegazio epea zabaldu du udalak eta informazio faltaren aurrean, luzatzea eskatu diogu alkateari. Informazioa biltzen ari gara alderdi politikoekin eta alkatearekin horretaz informatzeko eta zein urrats eman erabakitzeko». Ordiziarrei dei egin die batzarrean parte hartzeko. «Horrelako proiektuen aurrean ezin dugu isilik geratu!».