ELKARRIZKETA. «Hemengo gizartean integratu nahi dut ahalik eta gehien»
Futbolarekiko zaletasunak bultzatu zuen Ryotaro Yamaji (Tokio, Japonia, 1995) euskara ikastera. Realzalea da, eta horrek Donostia eta Euskal Herria munduan kokatzeko nahia piztu zion.

Zortzi hilabetez Donostian gaztelera ikasten egon ondoren, Lazkaoko Maizpide euskaltegian dabil orain euskara ikasten.
Nondik datorkizu euskara ikasteko nahia?
Esango nuke, berez, futboletik sortu zitzaidala Euskal Herria ezagutzeko eta euskara ikasteko gogoa. Bestalde, Japonian Euskal Herriari buruzko zenbait liburu irakurri nituen aspaldi, eta pixkanaka jakin-mina piztu zitzaidan. Gainera, herri honen historia interesgarria iruditzen zait, eskubideak urratzen diren eremu bat dela uste dut, eta horrek atentzioa deitzen dit.
Zergatik erabaki duzu euskara ikastea?
Euskara ikasi baino lehen, zortzi hilabetez Donostian gaztelera ikasten aritu nintzen. Iruditzen zitzaidan euskara jakin gabe ezingo nuela Euskal Herria bere osotasunean ezagutu, eta horregatik hasi nintzen ikasten. Hemengo gizartean integratu nahi dut ahalik eta gehien.
Zer da kulturalki gehien harritu zaituena hemen zaudenetik?
Jendearen berotasuna, esango nuke. Japonia indibidualismoaren herrialdea da, eta bertako jendea oso hotza da. Hemen, aldiz, badago elkarri laguntzeko kultura bat, eta balore horiek jaso nahiko nituzke.
Etorkizunerako zein asmo daukazu?
Japonia bizitzeko leku ona dela uste dut, baina Euskal Herrian bizi nahiko nuke. Hemen oso gustura nago, eta ez dut hau bukatzerik nahi. Hemengoa ez naizen arren, etorkizunean lana hemen egin nahiko nuke.
Elkarrizketa osoa GoiBerri.eus webgunean.