Herriartekoan lehiatzen hasteko prest dira Beasain eta Ataun
Asteburuan jokatuko dute final zortzirenetako joaneko partida, etxetik kanpo. Lazkao eta Zegama Herriartekotik kanpo geratu dira. Zaldibiak final laurdenetan ekingo dio txapelketari.

Jokatu dira aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final-hamaseirenetako partidak, eta dagoeneko erabaki dira txapelketan aurrera egingo duten herrien izenak. Eskuzko txapelketaren 57. edizioa da aurtengoa, txapelketako modalitaterik zaharrena dena, eta Goierriko bost herri ari dira lehian: Lazkao, Zegama, Beasain, Ataun eta Zaldibia. Azken honek final laurdenetan ekingo dio txapelketari. Apirilaren 30ean hasi eta ekainaren 29ra arte iraungo du txapelketak. Finala Donostian jokatuko da, Atano III.ean.
Txapelketari, agur
Eskuzko txapelketako parte-hartzaileen berrikuntzen artean zegoen aurtengoan Lazkao, eta final hamaseirenetan Zestoaren aurkako aurreneko bi jardunaldiak borrokatu baditu ere, txapelketatik kanpo gelditu da, jokaturiko sei partiduetatik bi irabazi ondoren. Zegamak ere agur esan behar izan dio txapelketari, Astigarragaren aurka indarrak neurtu ondoren; jokaturiko sei partiduetatik bakarra irabazi baitute. Kadete mailan, jubenil mailan eta nagusien mailan lehiatzen ari dira pilotariak.
Pilotari berriak prest
Beasaindarrak eta ataundarrak, berriz, iaz finalaurrekoetara iritsi izanagatik, final zortzirenetan hasiko dira jokatzen txapelketa. Asteburu honetan jokatuko dituzte aurreneko jardunaldiak, aurreko fasetik sailkatutakoen aurka. Beasain, Astigarragaren aurka lehiatuko da, Txomiñenen, eta Ataun, berriz, Azkoitiaren aurka, Gurea pilotalekuan. Itzuliko partidak, berriz, maiatzaren 23ko asteburuan jokatuko dituzte, etxean.
Horretara begira prestatzen ari dira dagoeneko beasaindar eta ataundar pilotariak. Beasainen kasuan, Herriartekoan esperientzia duten pilotariek osatzen dute taldea, iazkoan jokatu baitzuten gehienek; soilik bi pilotari berri gehitu zaizkie taldera. Kadete mailan, Alain Goikoetxea eta Julen Goikoetxea; jubeniletan, Unax Madina eta Oier Landa, eta ordezko bezala Iker Sanchez, Ekain Barandiaran eta Julen Ariztimuño; eta senior mailan, Beñat Azketa eta Beñat Garmendia izango dira titularrak, eta ordezkoak izango dira Iñigo Suarez, Xabier Olano eta Aimar Usabiaga.
Beñat Garmendia Beasaingo taldeko pilotariak aurkezpenean azaldu zuen «ilusio bereziarekin» daudela pilotari guztiak, «herria defendatzeko aukera bat delako».
Ataunen kasuan ere, dagoeneko eskarmentua duten esperientziadun pilotariak izango dira nabarmen, nahiz eta aurreneko aldia izango duten zenbait pilotari ere izango diren. Kadeteetan, esaterako, lehenengo aldia dute Mattin Aldasoro eta Xabat Labakak; jubeniletan, aurretik jokatuak diren Iker Dorronsoro eta Mikel Alzua arituko dira; eta nagusietan, azkenik, Beñat Zubizarreta eta Jon Erauskin izango dira titular gisa, eta ordezko bezala gordeko dira Martin Kerejeta eta Josu Etxeberria.
Iñigo Altzua Ataungo pilota elkarteko kideak kanporaketa aurreko sentsazioak azaldu ditu, eta esan du teorian «arerioak» direla «faborito», nahiz eta beraien onena ematen ahaleginduko diren: «Herri txiki bat garenez pilotari gutxiago ditugu, eta kasu batzuetan, kategorietan igo behar izan ditugu zenbait pilotari. Beraiek, aldiz, aukera zabalagoa dute, baina, gure lana ahalik eta ondoen egitera aterako gara kanporaketan».