AURKEZPENA. 545 korrikalarik egingo dute 24. Zegama-Aizkorri mendi maratoia igandean
Golden Trail Series zirkuituaren laugarren lasterketa izango da. Kilian Jornet ez da Zegaman izango. Korrikalarien %28 gipuzkoarra da. Emakumeen parte hartzeak gora egin du hiru probetan. Gaur aurkeztu dute proba Donostian.

24. Zegama-Aizkorri mendi maratoia, XI. Kilometro Bertikala eta XIV. Junior Traila aurkeztu dituzte gaur goizean Donostian, diputazioan. Maialen Arizkorreta antolakuntzako kideak, Goizane Alvarez kirol diputatuak, Azahara Dominguez mugikortasun diputatuak eta Iker Zubeldia Zegamako alkateak parte hartu dute. 545 korrikalarik egingo dute mendi maratoia aurten, horietatik 79 emakumeak.
Arizkorreta izan da hitza hartzen lehena. Kirol arloaz aritu da. Aurten ere Golden Trail Series zirkuituaren barruan dago maratoia; zirkuituko laugarren lasterketa izango da igandekoa. Kilian Jornet ez da Zegaman izango, “beste karrera batzuk zituelako planning-ean”, baina eliteko hainbat izen aipatu ditu: “Manuel Merillas, Elhosuine Elazzaoui, Roberto Delorenzi, Nadir Maguet, Antonio Perez, Alain Santamaria…”. Gainera, Stian Argenmund, antidopaje arazo batengatik lasterketetatik kanpo egon ostean, Zegaman egingo du itzulera: “Bere itzulera Zegaman izatea nahi zuen eta Zegaman egongo da”.
Emakumeen artean, Sylvia Nordskar iazko irabazlea ere Zegaman izango da asteburuan. “Eta berarekin batera, Malen Osa, Marta Martinez, Sara Alonso… emakumeetan ere lehia izugarria izango da”.
“Nazioarteko proba dela esaten dugu, baina geureei ere lekua egiten diegu eta %28a gipuzkoarra izateak asko esan nahi du”
Maialen Arizkorreta. Zegama-Aizkorri
Euskaldunei dagokienez, Aritz Egeak elite mailako bere azkeneko Zegama-Aizkorri egingo duela jakinarazi du. Ander Iñarra, Anartz Artola, Aitor Zunzunegi… “hainbat eta hainbat korrikalari euskaldun, kanpokoei hemengo lokatzetan ze ondo moldatzen diren erakusketko balio izango diena”. Emakumeen artean ere, elite mailan aipatutakoak: “Sara Alonso azken bietan ez da etorri lesio batzuk tarteko, Malen Osa iazko bigarren sailkatua, Zegaman irabaztea ondo dakiten Oihana Kortazar eta Maite Maiora, horiek beti daude borroka egiteko prest, Euskal Selekziotik Ainara Alcuaz eta Maud Combarieu…”.
Hogei bat herrialdetako korrikalariak izango dira, baina bertakoen kopuruak altua izaten jarraitzen du. %28 gipuzkoarra da. “Nazioartekoa dela esaten dugu, baina geureei ere lekua egiten diegu eta %28k asko esan nahi du”.
23 urtez azpikoen kategoria
Ostiraleko Kilometro Bertikalaren XI. edizioa izango da. Naiara Irigoien nafarra, iazko irabazlea, Zegaman izango da. Berritasun bat nabarmendu dute: aurten 23 urtez azpikoek haien sailkapena izango dute bertikalean. “Ikusi genuen 23 urtez azpikoek ez zeukatela haien lekua, eta Zegama-Aizkorri erakusleihoa denez, haien agerpena izan dezaten haien ranking-a egin dugu”. 248 korrikalarik egingo dute bertikala, horietatik 55 emakumeak.
Aurten, dortsalen zozketa Juniorrean
XIV. Junior Traileko berritasuna, aldiz, dortsalak banatzeko modua izan da. Aurten lehen aldiz zozketa bidez banatu dituzte, “iaz izugarrizko eskaria” izan zutelako. 88 korrikalarik egingo dute Juniorra, horietatik 32 emakumeak. Frantziatik, Norvegiatik, Herrialde Katalanetatik, Euskal Herritik… %22 gipuzkoarra da.
Emakumeen parte-hartzea goraka
Arizkorretak azpimarratu du “gutxinaka geroz eta emakume gehiago daudela, ez bakarrik maratoian, baita Kilometro Bertikalean eta Juniorrean ere”. Maratoian emakumeen parte-hartzea %15 ingurukoa izango da, bertikalean %22koa eta Juniorrean %36koa.
Goizane Alvarezek jarraitu du xehetasunak ematen. “Juniorrean, emakumeen parte-hartzea %2,5 igo da, eta Kilometro Bertikalean %4”. Diputatuaren esanetan horrek erakusten du emakumeek “parte hartzeko grina eta aukera handiagoa” dutela.
“Goraipatu nahi dut herri mailan sortzen dela, eta gure herri txikiek ze gaitasun daukaten nazioarteko mailan erronka potoloei erantzuteko, Gipuzkoa munduan jartzen du. Erakusleiho bat da munduan”
Goizane Alvarez. Kirol diputatua
Zegama bezalako herri batean horrelako proba bat antolatzea goraipatu du: “Goraipatu nahi dut herri mailan sortzen dela, eta gure herri txikiek ze gaitasun daukaten nazioarteko mailan erronka potoloei erantzuteko, Gipuzkoa munduan jartzen du. Erakusleiho bat da munduan”.
Autobus zerbitzu bereziak
Azahara Dominguez mugkortasun diputatua izan da hitz egiten hurrengoa. Lurraldebusen autobus zerbitzu berezien berri eman du. Larunbatean, hilaren 24an, 15:00etan, 16:00etan eta 17:00etan Zaldibiatik irtengo dira autobusak, eta itzulerakoak 20:00etan, 21:00etan eta 22:00etan irtengo dira Zegamatik. Igandean, berriz, hilaren 25ean, 06:30ean, 07:00etan eta 08:00etan aterako dira Zaldibiatik, eta itzulerakoak 15:55ean, 16:55ean, 18:55ean eta 19:00etan izango dira. Ordizian, Beasainen, Ihurren, Idiazabalen eta Seguran egingo ditu geldialdiak bidean.
Trafikoan aldaketak
Iker Zubeldia alkatea izan da hitz egiten azkena. Trafikoan egindako aldaketetaz aritu da. “Aurtengo edizioko berrikuntza nagusia trafiko araudiaren betekizuna da”, esan du. Zegama bezalako herri batean horrelako proba bat antolatzeak “naturarekiko talka” sortzen duela ondorioztatu dute. “Ingurugiroa errespetatu egin behar dugu; 24 urte dauzka probak, eta zalegoa hezi egin behar dugu ikusita kirol honek ze eragin daukan”. Antolakuntza aldetik “norabide berdeago” bat eman nahi diote.
“Ingurugiroa errespetatu egin behar dugu; 24 urte dauzka probak, eta zalegoa hezi egin behar dugu ikusita kirol honek ze eragin daukan”
Iker Zubeldia. Zegamako alkatea
Dei egin diete asteburuan Zegamara inguratuko direnei “lasai hartu eta zerbitzu publikoak erabiltzera”. Zegama eta Altsasu arteko bidean aparkatzeko eskatu diete N1etik joango direnei.
Streaming bidez
Aurten ere, lasterketak estaldura mediatiko handia izango du. Nahi dutenek streaming bidez jarraitu ahal izango dute, Youtubeko kanal ofizialaren bidez, euskaraz eta gaztelaniaz. Gainera, Golden Trail World Seriesek ingelesez emitituko du bere Youtube kanalean. EiTBk eta TV3k lasterketa osoa euskaraz eta katalanez eskainiko dute.