'Etorkizuna bermatuz' programaren inguruko bilera informatiboa, Ordizian
Lehen sektoreko langileei prestakuntza berria eskainiko diete Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hazik, erretiro prozesua planifikatzen eta belaunaldi arteko erreleboa errazten laguntzeko. Udazkenean hasiko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuak eta Hazik Etorkizuna bermatuz: belaunaldi arteko erreleboa nekazal sektorean prestakuntza programa berria jarri dute martxan. “Erretirorako adina gerturatzen ari zaien nekazariei prestakuntza integrala eskaintzea, etorkizuneko zalantzak argitzea eta prozesua erraztea” da programaren helburua.
Udazkenean hasiko da formakuntza, baina aurretik bilera informatiboak antolatu dituzte Gipuzkoako hainbat eskualdetan. Goierrikoa, maiatzaren 22an, Ordizian izango da, 16:00etatik 18:00etara, Barrena jauregian.
Aldundiak jakinarazi duenez, programaren xehetasun guztiak argituko dira, eta interesatuek prestakuntza ibilbideari buruzko informazio zehatza jasoko dute. Bilera irekia izango da eta lehen sektorean diharduten guztiei zuzenduta dago.
Bilerara joan nahi dutenek, 943 11 21 73 telefono zenbakira deitu beharko dute edo lurraldeoreka@gipuzkoa.eus helbidera idatzi.