Garbiketarako eta kalteak zenbatzeko garaia
Euri jasaren eraginez, Santa Lutzi errekak gainezka egin zuen atzo arratsaldean. Ezkion, Itsason, Gabirian eta Ormaiztegin izan dira kalterik handienak.

Santa Lutzi errekak gainezka egin zuen atzo, 15:30ak aldera, Ezkiotik Ormaiztegira bidean. Gaur, garbiketarako eta kalteak zenbatzeko eguna da, eta aseguru etxeentzako txostenak egiten hastekoa. Ondorengoa da herriz herriko egoera, alkateek kontatua:
EZKIO
Ezkion, batetik, Anduaga eta Labekoa industrialdeetako hainbat enpresetan ura sartu zen, eta bestetik, Santa Lutzi-Anduaga auzoan, udaletxe ondoko etxeetan eta Etxeberrialde eta Errekabarrena kaleetako garajeetan ere bai.
Etxeberrialde kaleko garaje guztietan sartu zen ura. Kalte handiak izan dira, garajeetan zeuden etxetresna, traste, armairu, eta abarretan. Une hartan ez zen autorik garajeetan. Errekabarrena kaleko garajeetan ere ura sartu zen eta une hartan kotxeren bat bazegoen garajean.
Baserri bideren bat itxita dago eta lur jauzi batzuk ere egon dira.
Udaletxe aurrean eta Errekabarrena inguruan edukiontziak jarri dituzte herrian euriteen ondorioz sortutako hondakinak botatzeko. Edukiontziak bete ahala, hustera eraman eta berriro jarriko dituzte kaleko puntu berrietara.
GABIRIA-ITSASO
Alegia auzoan kalterik handienak Gabiria aldean sortu ziren. Lurrazpiko garajeetan eta hainbat etxetako lehen pisuetan ere ur dezente sartu zen. Gaur goizean oraindik ere ura ateratzen aritu dira herritarrak eta suhiltzaileak. Arratsaldean auzolanerako deia egin dute.
Bestalde, Gabiriako kaskoan, euri jasak ere hainbat kalte eragin zituen. Ostatuan eta mediku kontsultan ura sartu zen eta luiziren bat edo beste ere izan zen. Gabiriako udaletxeko arduradunak eta teknikariak bihar joango dira, kalteen txostenak egiteko.
Itsasoko zatian Errotaetxea izan da etxerik kaltetuena.
ORMAIZTEGI
Ormaiztegin Logeten, Elarga eta Imeguisa enpresatan ura sartu zen Santa Lutzi errekak gainezka egitearen ondorioz. Lagunartea etxean, Lizarralde baserrian eta Ibai Aldeko kaleko atzeko aldean dauden etxebizitza eta garajeetan ere bai. Herrigunean, momenturen batean zubiaren gainetik pasatu zen ura.
Kaltetutako guztiekin harremanetan daude udal ordezkariak, baliabideak eskaini eta kalteen zenbaketak egin eta aseguru etxeentzat txostena prestatzen laguntzeko.