Haurren marrazki lehiaketak baditu saridunak
Larunbatean egin zen lehiaketa, herriko LHko ikasleei zuzenduta eta Arkatza elkarteak antolatuta. Lan guztiak ikusgai daude Kultur Etxeko erakusketa aretoan, hilaren 30era arte.

Arkatzak antolatuta larunbat goizean kalean egin zen haurren herri mailako marrazki lehiaketako irabazleek jaso dituzte irabazitako sariak. Atzo arratsaldean Kultur Etxean egindako ekitaldian zehar entregatu zizkieten sari horiek Eric Galvez alkateak eta Miryam Galilea kultura teknikariak. Gaztetxoek egindako lan guztiak jasotzen dituen erakusketa ere inauguratu zuten. Hilaren 30era arte egongo da irekita.
Lehiaketa hau Legazpiko Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta zegoen, eta guztira 29 lan aurkeztu zituzten. LHko 1. eta 2. mailakoen A kategorian Irati Jauregik irabazi zuen lehen saria, Daniela Omorogbek bigarrena, eta Alaia Ibargurenek hirugarrena. B kategorian (LH 3. eta 4. maila), Mara Santiago, Ibon Huerta eta Lola Conforti izan ziren lehen hirurak hurrenkera horretan, eta D kategorian (LH 5. eta 6. maila), Irati Azpiroz, Araitz Mantxola eta Iker Gonzalez. Lehen bi kategorietan gaia librea zuten haurrek, eta hirugarrenean, herriko balkoiak, ateak eta leihoak marraztu eta margotu behar zituzten.