Korosti Trailerako atzera kontaketa larunbatean hasiko da
Urriaren 12a da Legazpiko mendi lasterketen bigarren ediziorako eguna. Larunbatean izen-ematea irekiko dute, 16:00etan.

Korosti Trail mendi lasterketen bigarren ediziorako atzera kontaketa larunbatean hasiko da, 16:00etan izen-ematea irekita. Urriaren 12an jokatuko dira aurten, trail eta sprint modalitateetan, eta 225 korrikalarik parte hartu ahal izango dute bakoitzean, guztira 450 partaide izango dira beraz.
Izenak www.kronoak.com webgunean eman beharko dira. Lasterketa luzerako 27 euro ordaindu beharko dira, eta motzerako 17 euro. Bi probak Goierri Koparako puntuagarriak izango dira aurten ere, hain zuzen, Kopa osatzen duten hitzorduetatik azkena izango da Legazpikoa, eta sailkapenak itxiko dituena.
Korosti mendi inguruan
Korosti Traileko bigarren edizioa iazkoaren oso antzekoa izango da, partaide kopurua kenduta, lasterketa bakoitzean iaz baino 25 korrikalari gehiago izango direlako. Bi lasterketak Euskal Herria plazatik aterako dira, eta Gorostiaga edo Korosti mendi ingurutik prestatutako bi ibilbideek plazan izango dute helmuga.
Lasterketa luzea edo traila 09:30ean abiatuko da, eta 23,4 kilometroko ibilbidea eta 1.400 metroko desnibel metatua izango ditu. Lasterketa motza edo sprinta 10:00etan hasiko da. Ibilbideak 13,5 kilometro izango ditu, eta 800 metroko desnibel metatua.
Bi lasterketak Zatui mendi lerrotik zehar egingo dira, eta Gorostiagatik edo Korostitik, Jentiletxetik, Oregitik, Eskortazarretatik eta Arranoaitzetik igaroko dira. Lasterketa luzeko partaideak Arrolamendiraino ere joango dira.
Ekintza osagarriak
Legazpiko mendi lasterketa honen lehen edizioak arrakasta itzela izan zuen iaz. Dortsal guztiak agortu ziren, legazpiar ugarik parte hartu zuten, boluntario askok lagundu zuten, ibilbide bazterrean publiko asko elkartu zen, eguraldi bikaina egun zuten, eta helmuga puntua festa gunea bihurtu zen.
Aurten ere faktore horiek guztiak urriaren 12ko hitzorduan berriz elkartzea nahi dute antolatzaileek. Baina Korosti Trailaren oihartzuna egun batera mugatu gabe, aurreko hilabeteetara ere zabaldu nahi dute. Hori dela eta, lasterketak girotuko dituzten ekintzak prestatzen hasita daude, eta beti ere mendiarekin eta naturarekin zerikusia duten hitzaldiak, irteerak eta bestelako jarduerak izango direla iragarri dute.
Momentuz, bideo bat kaleratu dute, izen-ematearen irekiera iragartzeko. Talde antolatzaileko kide den Mikel Bravok egindakoa da.