BOLUNTARIOAK. Boluntario denak prest
Ezinezkoa litzateke Zegama-Aizkorri boluntario sarerik gabe. Zegamako eta Goierriko jendeaz gain, Euskal Herriko beste txoko batzuetako zein Euskal Herritik kanpoko jendeak hartzen du parte boluntarioen sarean.

Ezinezkoa litzateke Zegama-Aizkorri aurrera eramatea antolakuntzan parte hartzen duten ehunka boluntarioren laguntzarik gabe. Mendi maratoia, Juniorra zein Kilometro Bertikala. Aurten iaz baino bozpasei lagun gehiago daude sare horretan. Trafikoan egindako aldaketengatik, talde berri bat ere egokitu dute.
Saioa Azkona (Zegama, 1981) da boluntario sare horretan dabilen pertsonatako bat. «Aspaldi» hasi zen boluntario lanetan Zegama-Aizkorrin, eta iaztik, gainera, boluntario guztien kudeaketaz arduratzen da. Urte osoan zehar egiten du lan kudeaketa horretan; urtarrilean taldeburu guztiekin jarri zen harremanetan, zeintzuk egongo ziren jakiteko. «Beti daude gorabeherak, altak, bajak… hau ez da azken egunetako lana bakarrik». Kudeaketaz gain, igandean Ultzaman egongo da.
Aurten 600 boluntariok egingo dute lan ostiral, larunbat eta igandean banatuta. Iaz, 592 inguru izan ziren. Talde eta azpitaldetan banatuta egiten dute lan: «Mendiko taldea hogei azpitaldetan osatuta dago, Juniorrekoa beste hamar azpitaldetan, Kilometro Bertikalekoa beste hamar bat azpitaldetan…», azaldu du Azkonak. «Jende eta talde asko» dago boluntario sarearen atzean: trafikoaz arduratzen direnak, bide garbiketakoak, ingurumenekoak, boluntarioentzako bokadilloak prestatzeaz arduratzen direnak, argazkilariak, fisioterapeutak, masajistak… «Orain arte masajistak egoten ziren, eta aurten fisioterapeutak ere bai».
Pasa den larunbatean beste boluntario talde bat Aizkorrira igo zen ura eta materiala eramatera; aurten talde izaera eman diote multzo horri: «Taldeburu bat dago aurten, eta talde bezala antolatu dira». Beste talde handi bat kaleko lanetaz arduratzen direnena da. «Azpitalde asko daude horren barruan; 145 bat pertsona sartzen dira hor; trafikoaz arduratzen diren batzuk ere hor daude».
Atzegiko boluntarioek ere jartzen dute haien alea: helmugan egoten dira korrikalariei dominak ematen.
Trafikoko taldea
Aurten trafikoan aldaketa batzuk egin dituzte, eta, ondorioz, talde bat egokitu dute boluntarioek horretara bideratuta: «Boluntario aldetik trafikoa kudeatzeko beste boluntario talde bat sortu dugu, Otsaurtetik igo eta Aizkorri jatetxea zegoen tokian, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan egongo direnak. Aldaketekin beharra ikusten zen eta hor goiko talde hori sortu dugu». Lau pertsonako taldea izango da hura, Gasteizko batek, Zaldibiako batek, Orioko batek eta Astigarragako beste batek osatutakoa.
Boluntario sarea ez baitago soilik zegamarrez osatuta. Zegamakoez gain, Goierriko, Euskal Herriko zein Euskal Herritik kanpoko jendea dabil boluntario lanetan: «Valentzia, Bilbo, Gasteiz, Malaga…».
Eguraldiaren eragina
«Oso eskertuta» dago antolakuntza boluntarioek egiten duten lanarekin: «Zegama-Aizkorri posible da azkenean herrikook eta boluntario guztiok egiten dugun lanarengatik. Pasada bat da. Boluntarioengatik ez balitz, ezingo litzateke egin», azpimarratu du Azkonak.
Urtez urte progresiboki igo da boluntarioen kopurua, Zegama-Aizkorri mendi maratoiak berak izan duen hazkundearekin batera. Aurtengo taldeak osatuta dauzkate: «Momentuz aurten kubrituta gaude». Dena den, zegamarraren esanetan, trafikoa kudeatzen izaten dute behar handiena: «Benetako beharra kalean egoten da».
Eguraldiak ere eragiten du boluntarioen lan kargan, ikusle kopurua ere horren araberakoa izaten baita. Iaz, jende asko inguratu zen Zegamara igandeko proba ikustera: «Horrek eraman gaitu aurten beste neurri batzuk hartzera; ona egiten badu askoz jende gehiago etortzen da eta trafikoan eragina du horrek, beraz, boluntario gehiago behar izaten ditugu». Euria dago iragarrita iganderako. Eguraldi ona edo txarra egiten badu ere, prest dago boluntario sarea.