Buztingintzaren pasioaz harago
Buztingintza elkarteko kideen zeramikazko lanen erakusketa ikusgai dago Igartza jauregian.

Beasaingo Buztingintza elkartean, lokatza eraldatzeko ahalmena lantzen dute, 1997. urtetik. Ikasturte honetan zehar elkarteko bazkide eta ikasleek ondu dituzten piezak Igartza jauregian daude ikusgai, ekainaren 1era arte, eta herritar guztiei luzatu diete gonbita zeramikara gerturatu, egin daitezkeen lanak ikusi, eta bide batez, Buztingintza elkartea ezagutzera emateko.
Tornuaren soinua eta buztin egosiaren usaina barreekin, elkarrizketekin eta isiltasun partekatuekin nahasten dira Beasainen Urbieta etxean duten tailerrean. Buztingintza elkartea ez da soilik zeramika lantzen den gune bat: lasaitasuna, sormena eta kidetzea lantzen diren tokia ere bada. Tailer bakoitzean, dozenaka pertsonak artisautza baino askoz gehiago aurkitzen dute.
Zeramikak badu zerbait magikoa. Prozesu motel baten bidez, lokatzak forma hartzen du eskuen artean. Buztingintzan parte hartzen duten pertsona askorentzat, materialarekin harreman zuzena izatea meditazio modu bat da. «Hasieran zeramikak erakarrita etorri nintzen, eta konturatu gabe neure buruarekin birkonektatzen hasi nintzen. Beste kide askori ere gertatzen zaie», dio Naiara Garmendia Buztingintzako bazkideak.
Buztina modelatzeak «pazientzia eta arreta» eskatzen du Garmendiaren esanetan, «eta erritmo horretan, askok eguneroko estresaren ihesbidea aurkitzen dute». Baina «ongizate emozionalaz gain, lo dauden trebetasunak, adierazteko modu berriak eta, batez ere, norberaren eskuekin sortzeko plazera deskubritzeko aukera ere ematen du zeramikak», borobildu du beste hainbat onura deskribatuz.
Karakolak eta aurpegiak
Zeramikaren munduan aurrerapausoak emateko eta elkarteko kideen jakiteko grina asetzeko, Pott Keramikako Jone Urainek gidaturiko ikastaroak antolatzen dituzte urtero. Urrian, hastapenerako ikastaroa egin ohi dute, urtero izen emateak segituan agortzen direlarik. Horren ondoren, teknika desberdinetan trebatzeko ikastaroak egiten dituzte. Bigarren horri dagokionez, aurtengoan, karakolak eta aurpegiak egiteko teknikak irakatsi dizkie Urainek. «Urteak daramazkit talde honekin lanean, plazera da ikustea nola teknika bat erakutsita, norbere sortze prozesuak bide desberdinak zabaltzen dituen», adierazi du Urainek. Ikastaroen eta kide bakoitzaren lanaren emaitza ikusgai dago Igartzan. Ia 40 lan daude.

Erakusketan ikusgai dauden lanen lagin bat.Ariane Vierbücher
Aniztasunaren aberastasuna
Bakoitzak bere pieza lantzen duen arren, tailerra ez da inoiz esperientzia bakartia. «Aholkuak, tresnak, ideiak… partekatzen ditugu, baita kafeak, edota urtebetetze bakoitzean dozenaka gozo ere, baita istorioak eta laguntza ere», kontatu du Garmendiak. «Politena da hemen inor ez dela beste inor baino artistagoa. Pieza bakoitzak badu zer kontatu, eta denok ikasten dugu elkarrengandik», gehitu du taldearen izaeraz. «Konfiantzazko giro horrek lagundu egiten du pertsona asko esploratzera anima daitezen, epaiketaren edo akatsaren beldurrik gabe», osatu du kideak.
Buztingintzaren alderdi nabarmenetako bat parte hartzen duten profilen aniztasuna da. Belaunaldi guztietako eta oso bizi estilo desberdinak dituzten pertsonak elkartzen ditu; pasio berri bat aurkitu duten erretiratuak, sormen-espazio baten bila dabiltzan gazteak, tailerra eta beren lanak bateragarri egiten dituzten emakumeak, zeramikan hizkuntza komun bat aurkitzen duten pertsonak…
«Ezberdintasunak gorabehera, jakin-mina, ikaskuntza eta sormena garatzeko nahia partekatzen ditugu», adierazi du Garmendiak taldea deskubritu nahiko luketen guztiak gerturatzera animatuz. «Jende gehiago hurbiltzea gustatuko litzaiguke, zeramika gutxi batzuentzat dela edo oso teknikoa delako ideia hori hausteko. Hemen denok ikasten dugu hutsetik, eta garrantzitsuena ez da nola geratzen zaizun pieza, baizik eta nola sentitzen zaren pieza egiten», azaldu dute.