ELKARRIZKETA. «Zegaman gertatzen dena ez da munduan beste inon gertatzen»
Zegama-Aizkorri maratoian izango da iaz bigarren egin zuen Malen Osa mendi lasterkaria (Oñati, 2002). Esperientzia errepikatzeko eta denbora hobetzeko helburuak ditu.

Iazko gozatuaren eta ustekabeko bigarren postua lortu ondoren, igandean Zegama-Aizkorrin onenak emateko prest izango da Malen Osa mendi lasterkari oñatiarra. Iazko bizipenak berriro bizitzeko gogotsu dago.
Zein sentimendu dituzu aurten Zegamara itzultzeko?
Zegama oso berezia da niretzat, aurreko urtean espektatiba guztiak gainditu ostean. Aurten, gogo eta ilusio askorekin nago. Helburu nagusia iaz bezala gozatzea izango da.
Iaz bigarren postua lortu zenuen. Nola oroitzen duzu?
Nire kirol ibilbidean eta bizitzan izan dudan momenturik politenetako bat izan zen. Oso berezia izan zen, batez ere lasterketa osoan zehar gozatu nuelako, eta bigarren postu hori izan zen ginga jartzea. Oso zoriontsu izan nintzen, eta hori guztia gogoratzeko eguna izango da.
Helburua gozatzea izango dela esan duzu. Horretaz gain, lehenengo postuetan izatea irudikatzen duzu?
Aitortu behar dut salmonelosiak jota egon naizela, eta horrek azken asteetako entrenamendu blokeetan eragina izan duela. Aurtengo parte hartzea kolokan jarri zuen horrek, baina zorionez, osatu naiz, eta onenak emateko daukat gorputza. Beraz, helburua, inoiz baino gehiago, gozatzea izango da, eta hortik aurrera, ez naiz postu bat helburu bezala jarri zalea. Azkenean, nire eskuetatik kanpo dauden faktore asko daude. Errendimenduari begira, bai, aurreko urteko denbora hobetu nahiko nuke. Baina hori ere ez da ehuneko ehun forma fisikoaren araberakoa. Ni ahaleginduko naiz aurreko urtean baino azkarrago korri egiten.
«Nire kirol ibilbidean eta bizitzan izan dudan momenturik politenetako bat izan zen iazko Zegaman bizitakoa»
Zer da zuretzat Zegama-Aizkorri hain berezi egiten duena?
Dudarik gabe, jendea eta lehenengo kilometrotik azkenera arte dagoen giroa. Noski, paisaia zoragarria da, eta mendia gustuko duen edonorentzat opari bat da, baina hori baino gehiago, komunitatea da hain berezi egiten duena; hasi antolakuntzatik eta proba ikustera joaten den ikusle bakoitzera arte. Munduan zehar korrika ibili naiz, eta Zegaman gertatzen dena ez da beste inon gertatzen.
Zeintzuk dira ibilbidearen zati gustukoena eta gogorrena?
Sancti spiritu eta Aizkorri aipatu ohi ditugu gehienok, bertan biltzen den ikusle kopuru handiaren animoak direla eta. Eta askok pentsa dezakete topiko hutsa dela berriz ere erantzun hori ematea, baina benetan da sekulakoa, han zauden arte pentsatu ere egin ezin daitekeen puntura arte. Eta oñatiarra naizen aldetik, Andraitzerako igoera hori ere, oso berezia izan zen. Herrikide gehienak leku horretan jartzen dira, eta aurpegi ezagun asko ikusi nituen. Aldi berean, hori da ibilbidearen zati gogorrenetakoa. Azken kilometroak baitira eta nekea nabaritzen hasten delako.
Emozioak dantzan jartzen dituen lasterketa izanik, nola kudeatzen da hori errendimenduan eragin negatiborik izan ez dezan?
Jendeak bultzatuta, gerta liteke momenturen batean behar baino gehiago ematea, eta kontuan izan behar da, oso proba luzea dela, eta ondo kudeatu behar dela denbora. Baina, bestalde, horrelako publiko bat izanda, sufrimendua murriztu egiten da.
«Jendeak bultzatuta, gerta liteke momenturen batean behar baino gehiago ematea, eta kontuan izan behar da»
Salomon taldearen parte zara. Nola lagundu dizu horrek zure garapenean?
Talde profesional batean egoteak aukera eman dit lasterketak nire ofizio izateko eta honetatik bizi naiteke, gaur egun oraindik gutxik esan dezaketena, eta gainera, material aldetik ere, izugarrizko laguntza da, baita logistika aldetik ere, eta horretaz guztiaz gain, laguntza pertsonala ere jasotzen dugu, zeren ezin dugu ahaztu, marka baten irudia izateaz harago, pertsonak garela.
Euskal Herriko eta nazioarteko beste korrikalari batzuen artean izango zara, beste behin. Zein da beste korrikalari batzuekin duzun harremana?
Zaila egiten zait korrikalariak arerio bezala ikustea lasterketaren egunera arte. Korrikalari askorekin konpartitzen ditut entrenamenduak, bidaiak, taldea bera. Nik lagun kontsideratzen ditut, gero bai, lasterketaren egunean, arerioak dira, eta beti gura dut besteak baino azkarragoa izatea. Baina oso-oso harreman ona eta berezia dut gainontzeko korrikalariekin.
«Denboraldiko bigarren zatiko helburu nagusia Canfranceko Munduko Trail Txapelketa izango da»
Jende askorentzat erreferente bihurtu zara. Zein mezu emango zenieke?
Korrikalari orori, pasioarekin egin dezatela, ez dadila inoiz obligazio bat izan. Momentu oro gozatzen badute etortzen direla emaitzak. Eta gainerakoei, inoiz ez dela berandu hasteko. Ni ustekabean hasi nintzen, eta urte gutxira ona iritsi naiz.
Zegama bai, eta ondoren zer?
Ekaina eta uztaila nahiko airean dauzkat, baina abuztuan, Golden Traileko lasterketa daukat, Austrian, Tirolen. Denboraldiko bigarren zatiko helburu nagusia Canfranceko Munduko Trail Txapelketa izango da, irail bukaeran, eta horren ostean, Golden Traileko finalak.