JUNIOR TRAILA. 88 korrikalari gazte igandeko XIV. Junior Trailean
Horietatik 35 euskal herritarrak dira, 19 gipuzkoarrak, hamabi goierritarrak. Biel Sagues iazko irabazleak 1 zenbakidun dortsala jantziko du. %2,5 igo da nesken parte hartzea.

Iaz, 143 korrikalarik izan zuten dortsala XIII. Zegamako Junior Traila egiteko. 150 laguneko muga ezarri zuten 2024an. Aurten, berriz, ehunekoa zen muga, eta 88 lagunek lortu dute dortsala, zozketa bidez. Hala, 88 gazte irtengo dira Zegamako irteeratik. 16 eta 18 urte artekoentzako proba da Juniorra. Ohi bezala, maratoiko korrikalariak atera ondoren aterako dira gazteak, 10:30ean, eta 12:00etan itxi egingo dute meta.
Aurten ere, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Espainiako estatuko zein nazioarteko ordezkaritza izango du probak. Herrialde Katalanetako 22 gaztek parte hartuko dute, Euskal Herriko 35ek, Espainiako 28k, Norvegiako bik eta Frantziako batek. Gazteentzako proba izanik ere, erakusleiho bat da trail running-aren munduan Zegamako Juniorra, eta mundu horretan punta-puntan dabiltzan gazteak etorriko dira aurten ere. Gipuzkoarrak %22a dira, 19 lagun. Hamabi goierritarrek parte hartuko dute, erdiak zegamarrak.
Aizkorriko mendizerraren magalean egingo dute korrika. Zegamako plazan hasita, bertatik mendi pista ezberdinak igaroz Zegamako Apeaderoko errepidea gurutzatuko dute, eta bertatik Aizkorrondoko Kanaleraino igoera gogorra hasiko dute, pagadi, bidezidor, zuhaitz lepatu eta hurritz artean. Kanalaren zati bat igaro ondoren, maratoiko jaitsiera gogorrarekin bat egingo du bideak, azkeneko momentuan desbideratu eta Zegamara jaisteko.
Iaz, Biel Sagues kataluniarra izan zen lehena helmugaratzen. Aurten ere parte hartuko du proban 1 zenbakidun dortsala jantzita. Emakumeetan, Nuria Llanso (kataluniarra bera ere) izan zen irabazlea. Berak, ordea, ez du parte hartuko hamalaugarrenean.
Aurten lehen aldiz dortsalak zozketa bidez eman ditu antolakuntzak, iaz eskari handia izan zutelako. Junior kategorian lehiatzen direnek larunbateko eliteko lasterketaren aurkezpenean ere parte hartuko dute.
Emakumeen parte hartzea
Emakume gazteen parte hartzeak gora egin du aurtengoan, nabarmen; %2,5 igo da nesken kopurua, eta aurten Juniorreko dortsal guztien %36a emakumeek jantziko dituzte. Antolakuntzaren hitzetan, datuek erakusten dute parte hartzea eta lehia bermatuta daudela orainaldian zein etorkizunean.
Zegama-Aizkorri Junior traileko fitxa teknikoa
- Eguna: 2025eko maiatzaren 25a.
- Irteera-helmuga: Plaza.
- Irteera ordua: 10:30.
- Distantzia: 10,4 kilometro.
- Desnibel metatua: 1.016 metro.
- Gehieneko altuera: 735 metro.