Xabier Jauregi eta Iker Azpeitia, Urrezko Parrila lehiaketan
Igandean jokatuko da, Reale Arenan bihar hasita ospatuko den Txuleta Festaren barruan.

Iker Azpeitia eta Xabier Jauregi legazpiarrek igandean Donostiako Reale Arenan jokatuko den Urrezko Parrila txapelketan parte hartuko dute. Okelan enpresak antolatuta, bihartik igandera bitartean ospatuko den Txuleta Festaren barruan kokatzen da txapelketa.
Urrezko Parrila afizionatuentzako txapelketa da, binaka jokatuko dena. Parte hartzeko izena eman zuten guztien artean zozketaz aukeratutako 32 bikoteetatik, 16 bakarrik parte hartuko dute igandeko txapelketan, eta horien artean izango dira legazpiarrak.
Azpeitia eta Jauregi ezagunak dira Legazpin sukaldari bikote gisa, behin baino gehiagotan parte hartu dutelako Agorreko Santikutzetako sukaldaritza lehiaketan.
Txuleta festa, doan, Reale Arenan
Donostiako Txuleta festarako sarrera doan da, eta bihar hasi eta igandera arte gastronomia, kirola eta euskal kultura uztartuko ditu Reale Arenan. Ekitaldiz beteriko egunak izango dira, eta haragia izango da protagonista nagusia.
Bihar, hasteko, estatu mailako Parrila Maisu txapelketa jokatuko da. Ostegunean txuleta potea egingo da, ostirala sagardoari eskainita egongo da eta Modus Operandi musika taldearen emanaldia izango da, eta larunbatean, LA Txama taldeak joko du. Igandean, Urrezko Parrila txapelketaz gain, herri kirol saioa izango da Andoni Izeta, Inaxio Perurena, Lierni Osa, Paulo Azpiazu eta Oihana Fernandezekin, eta Kalakan taldearen emanaldia ere izango da. Gainera, egunerekoa Mario Azurza Dj-ak itxiko du