Bertso Olariak, 25 urte bertsotan erakusten
Bertso Olariak bertso eskola 25. urteurrenaren ospakizunean dago murgilduta. Makina bat ekitaldi antolatu dituzte urte amaiera bitartean, eta igande honetan, Maialen Lujanbio dute gonbidatu.

Legazpiko bertso eskolak oso izen legazpiarra du, Bertso Olariak, eta 25 urte betetzen ditu aurten. Halako urteurren borobila ospatzeko, bertsoz janzten ari da herria eta otsailean hasita, ia urtea amaitu arteko ekitaldiak antolatu ditu.
Otsailean egindako bertso-afariak eman zion hasiera Bertso Olarien 25. urteurrenari, Laubide jatetxean elkartu ziren herriko bertsozaleak Nerea Elustondo eta Andoni Rekondo bertsolarien bertsoez gozatzeko. Apirilaren 30ean, Santikutz jaietako pregoia eta sua botatzeko aukera izan zuten bertso eskolako kideek.
Oraintsuago, pasa den larunbatean, juntadizoa egin zuten 25 urte horietan eskolatik pasatakoek edo eskolaren bueltan ibilitakoek Aitxuri jatetxean. Egun ederra igaro zuten bazkarian eta bazkalondoan, bertso jarriekin, bat-batekoekin, musikarekin, mikro irekiarekin…
Maialen Lujanbio, igandean
Eta ospakizunek jarraipena izango dute asteburu honetan, iganderako, ikuskizun aparta dutelako antolatuta. Maialen Lujanbioren RR_6 eRRe(AH)ala ikuskizuna izango da, Txillida Lantokian, 18:00etan.
Hitzen performancea da RR_6 eRRe(AH)ala. Hitz esanak eta kantatuak, ahozkoak eta idatziak, ikustekoak eta entzutekoak. Emanaldi honek lengoaia du lehengaia, eta garaiko gaiez jardungo du Maialen Lujanbiok hori erabilita.
Aurrerago, uztailaren 3an, Katxalin egunean parte hartuko dute bertso eskolako kideek. Uztailaren 10ean, 19:00etan, bertso poteoa izango da, Uztakale egitarauaren barnean, Ane Beloki, Maialen Akizu eta Haira Aizpurua bertsolariekin. Eta Agorreko Santikutzetan ere ohiko saioa izango da Kale Zaharrean, Amaia Iturriotzekin eta Ane Zuazubiskarrekin, irailaren 12an.
Udazkena ere oparo
Udazkena, berriz, oparoa izango da bertsoari dagokionez. Urriaren 19rako, igandea, ezohiko ekitaldia antolatu dute Bertso Olariek, eta Legazpiko Banda eta Maialen eta Amets Arzallus anai-arreba bertsolariak elkartuko dituzte Latxartegi aretoan. Bertsolariek bat-batean kantatuko dute bandaren erritmoan. Elustondo anai-arreba trikitilariek ere parte hartuko dute emanaldian.
Azaroko Latxartegiko ohiko emanaldiak ere ez du hutsik egingo, eta Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Alaia Martin eta Maialen Lujanbio izango dituzte gonbidatuak en errimak entzuteko aukera izango da. Azaroaren 14an izango da hitzordua.
Urte berezi hau behar bezala ospatzeko asmoa dutela adierazi dute bertso eskolako kideek, eta urtea amaitu aurretik bestelako sorpresatxoren bat ere izango dela aurreratu dute.
Bertso Olariak, 2000tik
Aurten 25 betetzen dituen bertso eskola honek izan zituen aurrekariak. 1988ra egin behar da atzera lehen eskola haren bila: Iñaki Azarola maisu zuen, eta saioak Kultur Etxean ematen zituen. Baina hilabete eskas batzuk besterik ez zuen iraun, ondorengoaren haziak ondo ereinda, hori bai, bertatik igaro zirelako, besteak beste, gaurko eskolaren arimetako bat den Asier Iriondo.
Herrian bertso eskolarik ez, baina bertsotan erakusten jardun zuen tarte batean Joxe Olabide irakasleak ikastolan, gero Iriondori eta Urretxuko Asier Otamendiri erreleboa emateko. Hantxe hezi zen Nerea Elustondo, gerora bera ere haurren irakasle bihurtuko zena. 2000 urtean, helduagoak joan zitzaizkion bertsotan erakusteko eskatuz, eta horrela sortu zuten Bertso Olariak eskola, helduei zuzenduta, eta Itxaropen auzoan egoitza ezarrita.
Ordutik 25 urte igaro dira, eta makina bat bertso saio eta ikuskizun izan dira herrian eskolak antolatuta. Aipagarriak dira hainbat urtetan egin zituzten bertso-antzerkiak, Legazpiko benetako pertsonetan oinarritutakoak. Lehena, oso arrakastatsua, herriko bertsolari ezaguna izandako Bitti Agirre izan zuen protagonista, Bittor Agirreren hilketa izenburuarekin.
Gaur osasuntsu jarraitzen du Bertso Olariak eskolak, bertsotan erakusten eta bertsolaritzarekiko zaletasuna herritarren artean zabaltzen. Nerea Elustondok eta Asier Iriondok eskolarekin lotuta jarraitzen dute, baina izen berri batzuk hartu dute protagonismoa bertan, besteak beste Urretxu-Zumarragan urtero egiten den Martxoan Bertsoa lehiaketa irabazitako Ane Beloki, Lierni Ugarte eta Jone Narbaizarenak.
Egungo garaietara ere egokitu da eskola, eta berriki Instagram kontua ireki du: @legazpikobertso.