Gabiriako gerezi estimatuak
Estimazio handiarekin hartu dituzte erosleek Jose Antonio Elosegiren gereziak, baita Aramatik eramandako lore sortak ere.

Maiatzaren azkeneko feria izan da gaurkoa, eta bizitasun askokoa, batez ere landarea erostera joandako jendeari esker. Plaza Nagusian giro ederra izan da goiz osoan zehar, bereziki eguzkia ikusten hasi denetik aurrera. Bisitan joandako kanpoko jubilatu eta ikasle taldeek ere jarri dute horretan aletxoa. Durangokoak ziren lehenak, eta Alegikoak besteak. Bisitarien atalean influencer pare bat ere aipatu behar dira, azken egunetan Goierrin zehar dabiltzan Iñaki Ibaibarriaga eta Cristina Caballero. Ibaigarriagak @guk_green kontua du Instagramen, 137.000 jarraitzailerekin, eta Caballerok 165.ooo, @viaja_mas_por_menos kontuan. Ordiziako feriaren berri emango dute bi kontu horietan datozen egunetan.
Eta feriara joandakoek, gerezien garaia dela antzemango zuten. Seguru aski ez da inor egongo horretaz jabetu ez denik, fruta dendetan hainbesteko aukera ikusita. Gaur Plaza Nagusira ere iritsi dira, baina bertakoak, Gabiriakoak, hain zuzen. Jose Antonio Elosegik aurkeztu ditu, sagarren salmenta denboraldia amaitzean urtero hartzen duen atsedenaren ondoren, feriara itzulita.
Oñatibi-txiki baserri inguruko gereziondoetako aleak ziren, txikiak, gorriak eta goxo-gozoak. Kiloa 8 euroan jarri du salgai, eta azkar batean saldu ditu guztiak. Datozen asteetan gehiago izango dituela iragarri du, eta sagarrekin laster hasiko dela ere bai, nahiz eta aurten iaz baino gutxiago izango dituela aitortu duen. San Joan sagarrekin hasiko omen da aste gutxi barru.
Loreak eta perretxikoak
Eguneko berritasuna izan da gerezia gaurko ferian, baina ez bakarra, loreen atalean ere ikusi direlako berriak. Aramako Miren Jauregik, esaterako, lirio zuriak zituen salgai, sorta 5 euroan, baina hortentsiak ere, sorta 4 euroan, Aitor Urritza biloba ondoan zuela. Zurutuza ahizpen postuan ere izan da lore berri bat, lupinus izenekoa, eta horren sorta ere 5 euroan zuten salgai.
Perretxikoen atalean, berriz, ziza eskaintza handia izan da aipagarriena. Lasa, Barcina eta Barandiaranen artean guztira 300 kilo jarri dituzte salgai, eta beste kilo gutxi batzuk ere izan dira Plaza Nagusian; kiloa 12 eta 33 euro artean izan da gaur. Gainera, 55 kilo onddo (22 eta 38 euro artean) eta 24 kilo ziza hori (18-25 euro) ere eskaini dituzte.
Landatzeko garaia
Eta gereziena ez ezik, baratzean eta soroan landareak aldatzeko garaia ere bada. Goizean ageri-agerian utzi dute hori Plaza Nagusi barruan landareak saltzen dituzten hiru postuetan ikusitako erosleen ilara luzeek. Aspaldian horrelakorik ikusten ez zela esaten zuten batzuk.
Eta hala izango da, aurten eguraldiak ez duelako lan horietarako lagundu. Horregatik, eguzkia berotzen hastearekin eta datozen eguterako eguraldi pronostiko onekin bat, jendea animatu egin da landarea erostera. Gainera, kontuan hartu behar da maiatza amaitzear dela, eta landatze lanak egiteko egunak aurrera doazela.
Olazabal institutuko ikasleak
Gaur postu berezi bat izan dela ere aipatu behar da. Duela aste batzuk Legazpiko Olazabal Institutuan Zereginen Ikasketa Gelan dauden Goierriko ikasle gaztetxoak ferian izan ziren, eskolan egindako gaiak saltzen: gailetak, bizkotxoak, pastak, eskulanak… Orduan, eraman zuten guztia saltzeaz gain hain ondo pasatu zuten, gaur errepikatzea erabaki dutela. Udaletxe ondo-ondoan jarri dute postua.