Itzalaldiak saihesteko, "energia eta telekomunikazio burujabeak" eskatu dituzte Goienerrek eta Izarkomek
Energia eta telekomunikazio ereduen inguruko "hausnarketa sakona" egiteko beharra aldarrikatu dute. Manifestuarekin bat egiteko aukera dago.

Duela hilabete izandako argindar etenaldia berriro gerta ez dadin, G0iener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak eta Izarkom telekomunikazio operadore kooperatiboak Euskal Herriko energia eta telekomunikazio ereduen inguruko “hausnarketa sakona” egiteko beharra aldarrikatu dute.
Horretarako, Itzali sistema, piztu alternatibak izeneko manifestua argitaratu dute, eta dei egin diete “Euskal Herriko norbanako eta eragile guztiei, manifestu kolektiboarekin bat egiteko”.
Goienerreko Erika Martinez lehendakariak eta Izarkomeko Iker Garaialde zuzendariak eman dute manifestuaren berri. Bi arduradunek, “bai energia alorrean, bai telekomunikaziokoetan, azpiegitura zentralizatuak bultzatzea baino, tokiko sare autonomoak sortzearen beharra” azpimarratu dute, “boterea gutxi batzuen esku gera ez dadin, eta eredu iraunkor, demokratiko eta parte hartzaileagoak sustatzeko”.
Dagoeneko irakurri eta atxikimendua eman diezaioke manifestu kolektiboari piztualternatibak.eus orrian.
Honela dio manifestuak, hitzez hitz:
“Bost segundo aski izan ziren Hego Euskal Herria ia bere osotasunean argindarrik gabe eta inkomunikatuta geratzeko. 2025eko apirilaren 28a, 12:32 eman berritan konturatu ginen, berriz ere, zeinen mendeko eta zaurgarriak garen. Bide batez, pobrezia energetikoa edo arrakala digitala egunerokoan pairatzen duten horien azalean jarri ginen ordu luze horietan.
Oraindik arrazoi teknikoak argitzeke dauden arren, oso nabarmenak dira itzalaldiak eragindako ondorioak eta agerian utzitako hutsuneak. Kalte ekonomiko handiak izan ziren milioika pertsona, etxe, merkatari eta industriarentzat. Inoiz baino konektatuago bizi garen honetan, inoiz baino dependienteagoak gara, eta multinazionalen esku dago gure beharrizanak asetzeko gaitasuna.
Gogoratzea komeni da energia edo internet oinarrizkoak diren giza eskubideak direla eta hezkuntzan edo osasungintzan ez bezala, tamalez, erabat barneratuta dugula enpresa pribatuen bidez zerbitzuok jasotzea. Beharrezkoa ikusten dugu azpiegitura kritikoak noren esku dauden eta nola funtzionatzen duten agerian utzi eta eztabaida irekitzea”.