Legorretan bost eguneko Azintzio jaiak hasiko dira gaur
Legoreggaeren antolatzaileek irakurriko dute pregoia gaur. Bertso desafioa egingo dute tabernaz taberna, bi bikotek. Bihar euskal erromeria, eta bi urtean behingo helduen danborrada izango dira.

Gaur, 18:30ean, Piku ondoan dutela, Legoreggaeko kideek udaletxeko balkoitik pregoia irakurriko dute, eta suziria botata hasiko dira bost eguneko Azintzio festak. Legoreggae musika jaialdiaren antolakuntza taldeko hamalau kidek izango dute aurten festei hasiera emateko ohorea, dagoeneko hamar Legorreggae jaialdi antolatu eta Legorreta reggae musikaren mapan kokatzea lortu dutelako.
Legoreggaekoek diotenez, hamar urteotan Legorretara ekarri dituzten musikariak «Euskal Herritik hasi eta Jamaikara artekoak izan dira, euskal eszenan zein mundu mailako reggae eszenan ezagunak diren artistekin».
Gaurko pregoia herritarrei eskerrak emateko baliatuko dutela aurreratu dute: «Helburua reggae musikari eta euskal taldeei lekua eta babesa ematen dien jaialdi bat antolatzea izan da. Baita, reggae musikak bultzatzen dituen zenbait baliotan oinarrituz elkarlanean oinarritutako ekitaldi bat sortzea. Horregatik, legorretarren arteko lana ezinbestekoa izan da hamar hauetan guztietan».
Bertso desafioa
Bestalde, Azintzio jaietako ekitaldi klasiko bat hasiko da 19:30ean: bertso erronka. Bi bertsolari bikote ariko dira herriko tabernetan bertsotan, eta, epaimahai bihurtuta, entzuleek erabakiko dute nor den bikote irabazlea. Taberna bakoitzean puntu bat jasoko du entzuleen bikoterik gogokoenak. Aurten, bikote bat Aitor Sarriegi eta German Urteaga beasaindarrek osatuko dute, eta bestea Julio Soto nafarrak eta Araman bizi den Maialen Akizu urretxuarrak. Imanol Artola Felix alegiarra ariko da gai jartzaile lanean. Lehenengo saioa Ezkizu tabernan egingo dute.
Erromeria eta danborrada
Datozen egunei dagokienean, bihar, Azintzio egunean, 18:15ean euskal erromeria izango da. Soka dantza udaleko eta Legoreggae, Pikuk, Bilkoin futbol taldea, Elekun, Elegunea, Gazte Piku, Aiuru talde feminista, Aldapa Haundi, Bilkoin elkartea, Guraso Elkartea eta Jotakea taldeetako ordezkariek osatuko dute. 23:00etan, berriz, bi urtean behin egiten den helduen danborrada izango da. Etzi, play-back saioetan, 24 taldek hartuko dute parte; umeetan 11 taldek eta helduetan 13k
Gaur
- 18:30. Legoreggaek jaiei hasiera emateko suziria botako du eta ondoren, Pikua udaletxeko balkoian jarriko dute. Jarraian, puxikak, goxokiak, litxarkeriak eta abar banatuko dira.
- 18:30. Erraldoiak eta buruhandiak.
- 19:30. Bertso erronka Ezkizu taberna aurretik abiatuta. Bertsolariak: Aitor Sarriegi-German Urteaga eta Julio Soto-Maialen Akizu. Gai-jartzailea, Imanol Artola Felix.
- 21:30. Lagunarteko afaria plazan.
- Ondoren, kalejira Dj Track-ak alaituta.
Bihar, Azintzio eguna
- 13:00. Adin guztietarako zumba herrikoia plazan. Partaideentzako salda banatuko da.
- 18:15. Azintzio eguneko euskal erromeria. Udaleko eta herriko eragileen ordezkarien soka dantza, herriko Irrintzi Alai dantza taldearen dantza emanaldia, sagardo dastaketa eta txorizo jatea.
- 20:00. Legorretako Pikukada batukada taldea.
- 23:00. Helduen danborrada, Joselontxos txarangak lagunduta.
Etzi, ostirala
- 11:30-14:00. Puzgarriak, plazan.
- 12:30. Pote, igel eta toka txapelketa herriko jubilatuen artean, plazan.
- 12:30. Kalejira, Joselontxos txarangarekin.
- 14:30. Herri bazkaria Kale Nagusian, Joselontxos txarangak alaituta.
- 18:00. Haurren play-back saioa.
- 23:30. Helduen play-back saioa.
- 01:00. Dj Bull.
Larunbata, Mozorro eguna
- 13:00-24:00. Mozorro eguna.
- 13:00. Txakolin dastaketa plazan.
- 13:00. Herriko 41. paella txapelketa.
- 14:30. Lagunarteko herri bazkaria.
- 19:30. Oilar Beltzak musika taldea plazan.
- 23:30. Tatxers plazan.
- Ondoren, Dj Fresa Morango.
Igandea
- 12:00. Erraldoiak eta buruhandiak.
- 13:00. Garbitzailearena haurrentzako bertso ikuskizuna, plazan.
- 18:00. Herriko haurren pilota partida mistoak.
- Jarraian. Elite mailako emakumezkoen eskuz binakako partida: Goiuri Zabaleta-Arrate Bergara, Miren Larrarte-Irati Zabalaren aurka.
- 20:30. Pikuaren ehorzketa.