Ordiziako jaietako kartela aukeratzeko lehiaketa martxan da
Ekainaren 24a da lanak aurkezteko azken eguna. Bi kategoria banatuko dira: 18 urtetik gorakoak eta 18 urtetik beherakoak.

Ordiziako Udalak Santa Ana jaiak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du. Jaiak iragartzeko kartelaz gain, etxebizitza guztietara banatuko diren programen azala ere izango da irabazlea. Iazko arrakasta ikusita, aurten ere haurrentzako kategoria jarriko da martxan, eta irabazle izateko aukera edukitzeaz gain, haurrek egindako irudi bat programan txertatuta egongo da.
Nahi duen pertsona orok parte har dezake eta egile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango dituzte. Bi kategoria banatuko dira: 18 urtetik gorakoak eta 18 urtetik beherakoak.
Oinarriak
Kartelaren irudiak Ordiziako Santa Ana jaiekin zerikusia izango du. “SANTA ANA JAIAK 2025 /ORDIZIA” esaldia ondo nabarmendu beharko da. Era berean, Ordiziako logotipoa konposizioan integratuta eramango du. Bestalde, kartelean da pertsonen aurkako edozein eratako errespetu falta erakusten duten jarrerarik onartuko. Generoen irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidinez.
Tamainari dagokionean, kartelek 60 zm-ko altuera eta 42 zmko zabalera izango dute, diseinua neurri horietan edo neurri horien proportzioan aurkeztu beharko da. Kolorea eta teknika aukerakoa da. Aukerakoa. Derrigorrez lanaren bertsio digitala (JPG formatuan- erresoluzio onarekin) aurkeztu beharko dute, nahiz eta bertsio fisikoan aurkezteko aukera ere izan.
Sariak
Helduen kategoriako irabazleak 500 euroko saria jasoko du (18 urtez azpikoa bada guraso edo arduradun baten izenean jaso ahalko da). Haurren kategoriako lan bat hautatua izango da programa barnean txertatuta joateko, eta lan horrek 100 euroko bonua eskuratuko du.
Epaimahaiaren iritziz, baldin eta aurkeztutako lanen artean saria jasotzeko adina kalitate duenik ez badago, lehiaketa huts deklaratu ahal izango du. Hala balitz, epaimahaiak kartela edozein artista edo inprentari zuzenean enkargatzeko aukera izango du.
Epea
Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 24a da, 12:00etan. Lanak aurkezteko bideak hauek dira. Bertsio digitalean, posta elektronikoz kultura@ordizia.eus helbidera bidali edo Udaleko Harrera Bulegoan (Udaletxean aurkeztu CD batean). Eta bertsio fisikoan, udaletxeko Harrera Bulegoan, 08:00-13:30 ordutegian.
Epaimahaia
Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Ordiziako Udaleko komunikazio eta parte hartze zinegotzia, kultura zinegotzia, berdintasun eta aniztasun zinegotzia; kultura eta berdintasun teknikariak eta Altarte elkarteko kide bat.