Musikoterapia eta gitarra ikasturte berrirako izen-ematea ireki du Eli Gordoak
Legazpiko Laubide auzoan duen Sentimusik zentroan emango ditu saioak eta klaseak. Haurrei, nerabeei eta helduei zuzenduta daude, eta taldeka zein bakarka izan daitezke.

Eli Gordoa musikoterapeuta eta kontzientzia sentsorialean liderra datorren ikasturteari begira jarri da, eta ireki du musikoterapia saioetarako eta gitarra klaseetarako izen-ematea. Haurrei eta helduei zuzendutako ikastaroak dira, eta Laubide 13an duen Sentimusik zentroan emango ditu klaseak.
Izena emateko 678 319 487 telefonora deitu daiteke, edo sentimusik@gmail.com helbidera mezu bat bidali.
Musikoterapia, haur eta helduentzat
Eli Gordoak haurrentzako musikoterapia ikastaroa prestatu du datorren ikasturterako. Haur Hezkuntzako 2. mailatik Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleentzat izango da, eta saioak taldean emango ditu. Komunikazioa, autoestimua, emozioen kudeaketa, sormena, koordinazioa, mugimendua eta beste hainbat arlo jorratuko ditu saioetan, eta horretarako tresnak musika dinamikak, abestea, abestiak sortzea, musika instrumentuak jotzea, entzumena, antzerkia, dantza… izango dira. Bakarkako saioak ere eskainiko ditu.
Helduei zuzendutako taldeak ere izango dira Sentimusiken, eta horietan komunikazioa, memoria, erlaxazioa eta koordinazioa landuko dituzte, besteak beste. Saioak bakarka eta taldeka izan daitezke, eta aniztasun funtzionala edo ezgaitasunen bat dutenei ere zuzenduta badaude.
Musikoterapia saioak egiteko, Sentimusik lokaletik irten eta ikastetxeetara, gizarte zentroetara, egoitzetara, ospitaleetara, elkarteetara edo lantegietara joateko prest dago.
Gitarra klaseak
Musikoterapeuta eta kontzientzia sentsorialean liderra izateaz gain, musikaria ere bada Eli Gordoa, eta gitarra klaseak ematen ditu. Helduei, nerabeei eta 5 urtetik gorako haurrei ematen dizkie klaseak, eta ikasleei, besteak beste, haien abesti gogokoenak jotzen eta abesten erakusten die, erlaxazioa, ahotsa, sormena eta musika dinamikak lantzearekin batera.