Ordiziako Plaza Nagusia, Kerik Gabeko Gunea
Ordiziako Udalak Kerik Gabeko Gunea izendatu ditu Plaza Nagusia eta ikastetxeetako sarrerak.

Biharko Tabakorik Gabeko Mundu Egunaren harira, Ordiziako Plaza Nagusia, Kerik Gabeko Gune izendatu du Ordiziako Udalak. Era horretan, gaurtik aurrera eremu honetan ez erretzeko gonbita eta deia egin dute.
Udalaren esanetan, orain urte asko hasitako ibilbidearen emaitza da. “Ordiziako ikastetxeak, Minbiziaren aurkako elkartea eta udala eskutik joan dira bide honetan, hainbat lanketa ezberdin eginez adikzioen prebentzioaren inguruan”. Iaz esate baterako, Ordiziako III. Adikzio Plana onartu zen, 2024-28ko epealdia duena. “Bertan jaso dugu, gaur egun Adikzioen inguruan dugun errealitatea eta gizarte eta komunitate bezala ditugun erronkak”.
Kerik Gabeko Gune gehiago
Plaza Nagusiak gain, ikastetxeetako sarrerak ere izendatu dituzte Kerik Gabeko Gunea bezala. Eta orain, Ordiziako Plaza Nagusian plaka bat jarriko da espazioa kerik gabeko tokia dela ikusaraziz. Ikastetxeetan lanketa zabala egin ostean collage bat ere osatu da, ‘Ordizian hazi, kerik gabe bizi’ lemapean.
Adur Ezenarrok nabarmendu duenez, “jakina da tabakoak gure osasunean sortzen duen kaltea, baina jakin behar dugu ere kea dagoen espazioetan egoteak ere eragina duela gure osasunean, beraz ea gune osasuntsu hauek kerik gabeak izatea lortzen dugun denon artean”.
Era horretan, eskerrak eman nahi dizkie “ikastetxeetako ikasleei halako lanketa ederra egiteagatik eta hartutako konpromisoagatik”.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartea
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak tabakismoaren eta aerosolen aurkako lanran jarraitzen du, bizi-ohitura osasungarriak sustatuz eta herritarrak tabakoa kontsumitzeak dituen arriskuez kontzientziatuz. Elkartearen konpromisoaren barruan, 2030erako kerik gabeko belaunaldi bat sortzea jarri du lehentasunezko helburuen artean. Erronka horren helburua da etorkizuneko belaunaldien osasuna babestea eta tabakoarekin lotutako gaixotasunen eragina murriztea.
Horrez gain, “vaper” izenez ezagutzen diren gailuetan jarri nahi dute fokua, “hauen erabilera ere osasunarentzat arriskutsua” dela gogoraraziz. “Ez dugu geure burua nahasten utzi behar zapore eta kolore erakargarriengatik; gailu hauen itxura deigarriaren atzean, benetako arriskua baitago kontsumitzaileentzat. Aurten ere, herritarrekin dugun konpromisoa berresten dugu, tabakorik eta aerosolik gabeko gune berriak sortzen jarraituz eta guztiontzako giro osasungarriak sustatuz. Gune hauen presentzia zabaltzea funtsezkoa da ingurune seguru eta substantzia kaltegarririk gabekoak bermatu ahal izateko”.

Adur Ezenarro Ordiziako alkatea ikasleekin gaur plazan.Ordiziako Udala.