Beasainek finalerdietarako urratsa egin du, Zaldibiak, aldiz, ez
Beasainek hiru partidetatik bi irabazi dizkio Azkoitiari Antzizarren, eta Zaldibiak hirurak galdu ditu Hernanin. Herriartekoaren itzulikoak asteburuan jokatuko dira.

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren final-laurdenetako joaneko partidak jokatu dira asteburuan. Goierriko bi herri daude fase horretan lehian, Beasain eta Zaldibia.
Antzizar kiroldegiko pilotalekuan jokatu zuen ostiral iluntzean Beasainek Azkoitiaren aurka, eta hiru partidetatik bi irabazi zituen. Kanporaketa ez zen ondo hasi, kadeteetako Goikoetxea-Goikoetxea bikoteak 2-22 galdu baitzuten Azkoitiko Segurola-Etxanizen kontra. Jubeniletan eta helduetan nagusitu egin ziren beasaindarrak. Madinak eta Landak 22-14 irabazi zieten Galartza eta Arregiri, eta nagusietan, Azketa-Garmendia bikoak gauza bera egin zuen Juaristi-Aranbarriren aurka (22-11).
Datorren asteburuan jokatu ditu Beasainek itzulerako partidak Azkoitiako Gurea pilotalekuan. Kanporaketa gainditzen badu, finalerdietarako sailkatuko da, eta Hernanirekin egingo du topo seguru asko.
Zaldibiak ezin Hernaniren aurka
Izan ere, Hernaniko hiru bikoteak nagusi izan ziren joan den ostiralean Zaldibiakoen aurka. Kadeteetan, Zugasti-Arsuagak 22-7 irabazi zieten Mantzizidor-Arreseri, eta emaitza berarekin bukatu zen Oses-Azpeitia eta Aranburu-Lopezen artekoa. Nagusietako partida lehiatua izan zen, eta 16. tantora arte Sukia-Elizegi aurretik ibili baziren ere, partidaren azken txanpara freskoago iritsi ziren Lizeaga-Apaolaza herniarrak, eta 22-18 nagusitu ziren. Datorren ostiralean jokatuko dira Zaldibian itzulerako partidak, baina Hernanin ikusitakoa ikusita, ez dirudi sailkatzeko aukera handirik duenik iazko herri finalistak.