Eskola txikien izaera eta garrantzia aldarrikatzeko festa, igandean
Gipuzkoako eskola txikien festa egingo dute igandean. Ezkio-Itsasoko herri eskolak antolatuko du aurtengoa. Egun osorako egitaraua eta festa prest dituzte dagoeneko.

Datorren igandean Ezkion eta Itsason ospatuko da Gipuzkoako eskola txikien festa eta gaur goizean, festaren nondik norakoak aurreratzeko aurkezpena egin dute Gipuzkoako hezkuntza ordezkariek eta Ezkio-Itsasoko herri eskolako irakasle, guraso eta udal ordezkariek. Igandeko festan Gipuzkoako eskola txikien sarea osatzen duten 27 herri eta auzoetako kideak elkartuko dira Ezkion eta Itsason, baita Bizkaiko eta Arabako zenbaitzuk ere.
Hain zuzen, herri eta auzo txikietan eskola izateak duen garrantzia nabarmendu dute aurkezpenean eta beraien izaera eta nortasuna aldarrikatu dituzte. «Gure herri eta auzo txikiak euskal kulturaren, nortasunaren, izaeraren eta hizkuntzaren iturburu eta zaintzaile dira eta horrek honela jarrai dezan lan egiten dugu eskola txikietan», esan du Irati Manzisidor, Ezkio-Itsasoko herri eskolako irakasleen koordinatzaileak.
Bide batez, Gipuzkoako eskola txikiak elkarren artean saretuta aritzeak duen garrantzia ere azpimarratu du Amaia Dorronsoro eskolako zuzendariak: «Eskola txikiek osatzen duten komunitateak gure eskolaren izaera sendotu eta garatzen laguntzen digu; are gehiago aurten bizi izan dugun aldarrikapen eta mobilizazio ikasturte betean».
Familien inplikazioa
Herri eskolaren hastapenak ere gogora ekarri ditu Dorronsorok. Orain 11 urte 9 ikasle eta 2 hezitzailerekin hasi zuen bere ibilbidea eskolak; «ezinbestekoa izan zen une hartan familiek eskola berrian jarri zuten esperantza eta indarra», azpimarratu du. Gaur egun, 62 haur, 12 hezitzaile eta 39 familiek osatzen dute Ezkio-Itsasoko herri eskolaren komunitatea. «Familien gertutasuna eta eskolarekiko inplikazioa gure eskaera eta ekintzak aurrera eramateko ezinbestekoak dira. Zer esanik ez, festa honen antolaketan», esan zuen zuzendariak.
Orain urtebete, «arduraz eta kezkaz» hartu zuten Adunan, eskola txikien festa antolatzeko lekukoa, Ganbara guraso elkarteko Asier Sasietak aitortu duenez. Orduan hasitako bidea «ilusioz eta talde lanean» egin dute eta «bidean ikasitakoa eta bizitakoa» azpimarratu ditu. «Ikasturte berezia izaten ari da guretzat eta ziur arrastoa utziko duela guraso elkartean. Talde bezala indartuta aterako gara gure ibilbideak luzaro jarraitu dezan», esan du.
Iganderako gonbita
Unax Zarandona eta Maddi Zabaleta eskolako ikasleek ekainaren 8an egingo duten festara joateko gonbita luzatu diete guztiei, «festa ilusio handiarekin prestatu dugu eta gogoz gaude zuek guregana etortzeko», esan dute. Ildo beretik hitz egin du Leire Iraola, Gipuzkoako eskola txikietako guraso elkarteen koordinakundeko lehendakariak ere: «Eskola txikien komunitatea osatzen dugun kideok festa giroan elkartuko gara herri eta auzo txikietan eskola izateak duen garrantzia aldarrikatzeko. Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik leloa geure eginez, egun eder bat pasatzeko», luzatu du gonbidapena.
Amaitzeko, Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkateak eskola txikien garrantziaz hitz egin du, «eskola txikiak gure herrien bihotza dira. Bertan lantzen dira gure hizkuntza, balioak eta identitatea. Eskolak eta herriak elkarri ematen diote bizia, eta festa honek ederki islatzen du hori».
EGITARAUA
Ekainaren 8an Gipuzkoako Eskola Txikien festa Ezkion ospatuko dute Ezkion, Ezkio-Itsasoko herri eskolak antolatuta.
EGITARAUA
- 10:30-11:15. Harrera eta lekukoa pasatzea.
- Jarraian. Musta perkusioa.
- Goiz osoan zehar. Boemius sormen gunea, Txalaparta tailerra, Lurra dantza taldea, Alegiko Sindikatua elkartea, Zelai irekia, Piknik gunea, Makusi gunea, Puzgarriak (uretako puzgarrietan ibiltzeko aldagarriak ezinbestekoak), Gautena, Aspace saskigintza, Aniztasunaren ihes gela, Altxorraren bila, aurpegi margoketa, Urteurren festa! Galtzagorrirekin…
- 11:15, 12:10 eta 13:00. Igartubeitiko sagar zuku tailerra, eskolan.
- 11:30, 12:15 eta 13:00. Liburuen altxorra ipuin kontaketa Endayene baserrian.
- 12:00-13:00. Marimunduko eta bere lagunen komeriak ikuskizuna.
- 14:00-16:00. Bazkaria Secundino Esnaola musika eskolako txarangak girotuta.
- 15:30-17:30. Zirku tailerra, Lasai txokoa, Makusi gunea, Puzgarriak (uretako puzgarrietan ibiltzeko aldagarriak ezinbestekoak, aurpegi margoketa, Jolaserako gune askea…)
- 16:00-17:00. Ezberdin bezain eder ipuin kontaketa eta Eneko magoa.
- 17:30-18:30. Potx eta Lotx. Lagunekin topa! ikuskizuna eta festaren amaiera.