Hasi bezala, ‘Arripausueta’ erakusketaren gaineko hitzaldi batekin amaituko da Kulturaldia
Ostiralean izango da, 19:00etan kultur etxean. Haitz eta Eki Iturrioz Sodupe anaiek irabazi zuten ostiralean patata tortilla lehiaketa.

Amaitzear da Zeraingo Udaberriko Kulturaldia. Berezko egitarauari hasiera, maiatzean eman zioten arren, apiriletik martxan da Kulturaldia. Hain zuzen, Diego Aldasoro artista soriarraren Arripausueta erakusketak ireki zuen aurtengo edizioa eta erakusketaren aitzakian, datorren ekainaren 6an egingo duten solasaldiarekin itxiko dute zikloa.
Tartean, hamaika ekintza izan dira; azkenak ostiraleko zirku tailerra eta patata tortilla lehiaketa. Haitz eta Eki Iturrioz Sodupe anaiak izan dira aurtengo irabazleak. OA kultur elkartetik eskerrak luzatu dizkiete parte hartzaile guztiei, baita Mutiloa eta Zeraingo udalei eta Euskaber eta Ampori ekitaldian laguntzeagatik.
Esan bezala, datorren ostiralean itxiko dute aurtengo Kulturaldia Arripausueta: sustraiak, aztarnak, sinboloak erakusketaren inguruan Aldasorok berak egingo duen hitzaldia batekin. Erakusketa sortu arteko prozesuaz mintzatuko da artista. Hitzaldia gaztelaniaz izango da 19:00etatik aurrera kultur etxean.