'Ordizia Elkartuz' emanaldia plazako estalkiaren mendeurrena ospatzeko
Datorren larunbatean, hilaren 7an, dantza, kantua, musika eta antzerkia ardatz dituzten hamabi elkarlan taularatuko dituzte Plaza Nagusian herriko hainbat kultur eragilek. Ekainaren 11n, mendeurrenarekin bat eginez, ekitaldi instituzionala egingo dute.

Datorren ekainaren 11n 100 urte beteko dira Ordiziako Plaza Nagusiari gaur egun ezagutzen den estalkia jarri ziotenetik. Mendeurrena ospatzeko bi ekitaldi nabarmen egingo dituzte: batetik, larunbatean Ordizia Elkartuz emanaldia egingo dute, eta mendeurren egunean, asteazkenez, ekitaldi instituzionala. Ospakizunak borobiltzeko ekainaren 15ean argazki rallya izango da. Gaur arratsaldean egin dute ekitaldiaren aurkezpena Barrena kultur etxean Adur Ezenarro alkateak, Manex Berzosa kultur zinegotziak eta Izaro Intsausti kultur teknikariak hainbat kultur eragile lagun zituztela.
“2018an egin genuen lehenengo aldiz Ordizia Elkartuz emanaldia. Momentu hartan Ordiziako Hiribildua sortu zenaren 750. urteurrena izan zen, eta aitzakia paregabea izan genuen kultur eragileok elkarlanerako. Orain, plazaren mendeurrena izanik, berriz ere herriko kulturak Plaza Nagusia hartuko du. Plazak gordetzen du gure tradizio eta kultura, eta mendeurren berezi honetan, plazan bertan egon nahi izan dugu herriko kultur eragileok, plaza baita gure erakusleiho nagusia”, nabarmendu du Izaro Intsaustik.
“Plazak gordetzen du gure tradizio eta kultura, eta mendeurren berezi honetan, plazan bertan egon nahi izan dugu herriko kultur eragileok, plaza baita gure erakusleiho nagusia”
Izaro Intsausti. Kultur teknikaria
Adur Ezenarro alkatearen esanetan, “erreferentea da” Ordiziako plaza: “Bai ordiziarrontzat, baina hortaz harago doan zerbait ere bada. Eraikin bezala oso berezia da bere ezaugarriengatik, eta eman diogun erabileragatik ere bai”. Alde zaharraren bihotzean, Ordiziako almendraren erdigunean dago Plaza Nagusia, eta 1512az geroztik egiten da asteazkenero azoka nagusia. Aurrez ere eremu horretan biltzen ziren salerosketak egiteko; garai hartan estali gabeko eremua zen, baina 1925ean Francisco Gurrutxagaren proiektuari jarraituz plazari hormigoizko egitura eta teilatua gehitu zitzaizkion.
Mendeurreneko ekitaldiak
Urteurrena ospatzeko kultur eragileak izango dira protagonista nagusiak. Hala, larunbatean 19:30etan hasita, dantza, kantua, musika eta antzerkia ardatz dituzte 12 elkarlan taularatuko dituzte. “Gainera, gogoan izan nahi ditugu 2018ko Ordizia elkartuz emanaldiaren lehen ediziotik gure artean ez dauden kultur eragileak, eta emanaldi honek balio beza, Ordizian dugun kultura ezagutu, balioa eman eta eragiteko”, zehaztu du kultur teknikariak.
“Eraikin bezala oso berezia da bere ezaugarriengatik, eta eman diogun erabileragatik ere bai”
Adur Ezenarro. Ordiziako alkatea
Larunbateko emanaldiaren ondoren, ekainaren 11 izango da mendeurrenaren egun garrantzitsua. Egun horretan inauguratu zuten plaza, orain dela 100 urte. Asteazken horretan plazaren inguruko erakusketaren irekiera eta ekitaldi instituzionala egingo dituzte, eta plaka berezi bat ere jarriko dute plazan bertan. Asteazkenero ohiko azokara etortzen diren plazako ekoizleei oroigarritxo bana banatuko diete, eta arratsaldeko pintxopotean ere keinu bat egingo diote egun berezi horri.
Mendeurreneko ekintzekin jarraituz, ekainaren 15ean plazaren inguruko argazki rallya izango da Ortzadar argazki taldearen ekimenez. Mendeurrena baliatuz, udazkenean ere sorpresaren bat edo beste izango dela aurreratu dute.
“Horrenbestez, dei egin nahi diegu ordiziar guztiei larunbatean Ordizia Elkartuz emanaldi berezi honetara etortzeko, plazaren mendeurrena guztion artean ospa dezagun”, gehitu dute.