Zumarragako goiko auzoetan hainbat ekitaldi egin dituzte bizilagunen arteko hartu-emana sustatzeko
Zumarragako goiko auzoetan Auzoa disfrutatu ekimena egin dute bizilagunen arteko hartu-emana sustatzeko. Lehen ekitaldia hilaren 21ean izan zen eta azkenak atzo (igandea). Larunbatean herri bazkaria egin zuten.
Ekitaldien helburu nagusia Leturiatarren plaza, Argixao, Izazpi, Antonino Oraa, Elgarrestamendi, Busca Isusi eta Ipar Haizeako bizilagunek elkar ezagutzea eta auzo sentimendua indartzea izan da, baina Zumarraga eta Urretxuko gainontzeko bizilagunek ere parte hartzeko aukera izan dute. Egitasmoak ATA harategiaren, Booloo etorkin senegaldarren elkartearen, Alhijra Meskita Elkartearen, Gure-Txoko eta El Salvador gizarte zentroen, Mairi elkartearen, AGIren (ikusmen urria dutenen elkartea), Esku Hutsik elkartearen eta Jolasenea elkartearen laguntza izan du.
Maiatzaren 21ean psikomotrizitate saio irekia egin zuten Izazpi auzoko kantxa estalian, 24an dantza eta sevillana erakustaldiae El Salvador zentroan eta 25ean dantzaldia Izazpi auzoko kantxan.
Jai egun nagusia larunbatean izan zen. Ekitaldi guztiak Izazpi auzoko kantxa estalian izan ziren. Belaunaldi ezberdinetako bizilagunek eskulanak egin zituzten elkarrekin. Ondoren, herri bazkaria egin zuten: auzoko bizilagunek arroza prestatu zuten, bakoitzak bere jatorrizko herrialdean egiten den moduan. Bazkalostean Senegalgo dantzak egin zituzten, Sapali perkusio taldearekin.
Azken ekintzak atzo izan ziren. Goizean mahai-jokoetan aritzeko aukera izan zen eta arratsaldean Mi amigo el pinguino pelikula eman zuten.