San Adriango erromesaldirako izen ematea ireki du Idiazabalgo Udalak
Ekainaren 15ean egingo dute aurten erromesaldia. Otsaurtera autobusez joateko izena eman beharko da ekainaren 11rako.

Urteroko hitzorduari eutsiz, San Adrianera erromesaldia egingo dute idiazabaldarrek ekainaren 15ean. Oinez San Adrianera joan, bertan ohiko familia argazkia atera eta Zegama eta Segurako alkateekin aginte makilen trukea egingo dituzte, ohiturak dioen bezala.
Goizean goiz, 7:30ean aterako da Otsaurteko Bentarainoko autobusa Idiazabalgo plazatik, igandean. San Adrianera 9:30 ingururako iristea da aurreikuspena. Anisa banatuko da bertaratutakoen artean eta ohiko talde argazkia aterako dute, gero.
Ohiturak agintzen duenez alkate-makilen trukatzea egingo dute beherakoan. Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak Iker Zubeldia Zegamako alkatearekin eta Izarra Urdalleta Segurako alkatearekin egingo ditu trukeak, eta hamaiketakoa ere izango dute bi herrietan.
Otsaurtera autobusez joan nahi duenak izena eman beharko du aurretik. Izen ematea ekainaren 11ra arte dago zabalik eta 696690887 telefonora whatsapp bat bidalita edo kultura@idiazabal.eus helbidera mezu bat idatzita egin daiteke.