Odik musikari legazpiarrak bere lehen diskoaren aurrerapena argitaratu du
Diskoak 'Bonjour' du izena, eta udan kaleratuko du. Bitartean, 'Drama Stop' abestia aurkeztu du, bideo eta guzti.

Odik musikari legazpiarrak azken asteetan bere lehen diskoa izango den Bonjour prestatzen jardun eta gero, Drama Stop izeneko abestia jarri du entzungai sare sozialetan, aurrerapen gisa, bideo eta guzti. Oier Markotegi (Legazpi, 2002) da Odik.
Odikek azaldu duenez, “drama eta energia negatiboak alde batera uzteko deia egiten duen kantu indartsua” da Drama Stop abestia. “Erritmo bizi eta hitz zuzenek askatasuna eta bakea bilatzera bultzatzen dute, entzuleak erabaki propioak hartzera animatuz”. Musika elektronikoa eta pop estiloa uztartuz, “mezua argi eta indartsu helarazten duen kantu bat” da.
Bonjour diskoko lehen abestiaren ondoren, abesti gehiago joango da aurkezten, udan album osoa kaleratu aurretik. Lana aurkezteko zuzeneko kontzertu bira jarriko du orain abian Odikek, eta kontratazioa irekita du: kontratazioa@rundown-e.com, edo 694 436 844.