Doinua musika eskola ikasturte amaieran murgilduta dago
Kontzertu eta emanaldi ugari emango dituzte ekainean zehar. Eskolako banda eta abesbatza Bartzelonan izan dira asteburuan. Ikasturte berrian Musikaldia ospatuko dute Legazpin, maiatzaren 23an.

Doinua musika eskola iritsi da ikasturte amaierara, eta urtero bezala, emanaldi ugari antolatu ditu ikasleek klaseetan ikasitakoa erakutsi dezaten. Kontzertu sorta joan den astean hasi zen, eta ekainaren 21era bitartean luzatuko da.
Orain arte bi kontzertu izan dira. Joan den asteazkenean, musika eta mugimenduko ikasle gaztetxoek egin zuten emanaldia Latxartegi aretoan, eta ostiralean, eskusoinu taldearen txanda izan zen, eskolan bertan. Gaur, berriz, biolineko ikasleek entzunaldia egingo dute,18:30ean, musika eskolako garajean.
Gaurtik aurrera, eta hilaren 21era arte, beste hamahiru kontzertu gehiago izango dira, bakoitza musika tresna bati eskainita. Tartean izango da, baita ere, hilaren 20an Agirre-etxeberriko parkean egingo duten kurtso bukaerako festa.
Europako musikari gazteak
Kurtsoaren azken txanpa honetan, Bartzelonan eta inguruan eskolako bandako eta abesbatza gazteko kideek egindako egonaldia ere sartu behar da. Egonaldi hori Ritmiks Europako musikari gazteen topaketan kokatzen da, eta bertan Legazpiko 51 ikaslek parte hartu dute.
Bandan eta abesbatzan banatutako ikasleekin batera hainbat irakasle ere izan dira topaketan, Leire Ugarte tartean, eta «oso esperientzia aberatsa» izan dela azaldu du. «Euskal abestiak jo eta abestu, beste talde batzuk entzun, musikari gehiago ezagutu… hori izan da programa».
Ez da hau Doinuako ikasleek parte hartu duten topaketa bakarra, ikasturtean zehar gehiago izan direlako. Hala, Ai!! Ze taldea Getxon izan da, flauta jotzaileek Azkoitiko topaketan parte hartu dute, pianistek Arrasaten jo dute… eta herrian bertan, hainbat ikaslek Txillidari eskainitako jaialdian jo eta abestu dute.
Ikasturte berria
Amaitzen ari den ikasturtean zehar 400-bat ikasle izan ditu eskolak, eta hurrengo kurtsorako erronka kopuru hori gainditzea da. Eskaintza oso zabala da, eta instrumentu mordoa ikasteko aukera dago. Gainera, txikientzako musikoterapia saioak ere eskainiko dira, eta pandero tailerra ere izango da, izan duen arrakasta ikusita. Eskaintza hori aurkezteko saio irekiak egiteko asmoa dute eskolan.
Matrikula epea itxita dago dagoeneko, eta klaseak irailean hasiko dira, baina norbait izena eman gabe geratu bada eta musika ikasi nahi badu, Doinuako ateak zabalik izango ditu.
Berezia izango da bestela ikasturtea, maiatzaren 23an musika eskolen Musikaldia topaketa Legazpin ospatuko delako.