Eskaintza oparoa iritsi da baratzeetatik
Urteko lehen kuiatxoak, luzokerrak, piperrak eta borrajak iritsi dira, eguraldi euritsuari aurre eginda.

Gaurkoa berritasunez beteriko eguna izan da Ordiziako azokan, eta baratzeko eskaintza azkeneko asteetako oparoena izan dela esan behar da. Eguraldi txarra, euria, tenperatura baxuak… horiek guztiak ez dira eragozpen izan, eta atzerapen pixka batekin izan bada ere, barazkiak eta bestelakoak heltzen hasi dira azkenik.
Kuiatxoa, luzokerra, piperra eta borraja. Lau produktu berri daude salgai ferian gaurtik, toki desberdinetatik iritsita, gainera. Kuiatxoa, hasteko, Itsasotik eta Azkoititik iritsi da. Maria Jesus Oriak aurkeztu ditu ale gutxi batzuk, aire librean hazitakoak, eta Jose Mari Uzinek ere jarri ditu salgai beste batzuk, horiek negutegi barrukoak. Bien kiloa 3 euroan jarri dute salgai.
Uzinek urteko lehen piperrak ere aurkeztu ditu, Kakute izena jarritakoak. Piper berde luzea eta eztia da Kakute, eta kiloa 8 euroan zuen azkoitiarrak.
Luzokerra, berriz, Bidania-Goiatzeko Sustrai Askeak elkarteko baratzetatik iritsi da. Natalia Magallanesek kiloa 3 euroan jarri du salgai.
Azkenik, borraja dago. Ia urte osoan egoten den barazkia da, baina borraja berria ere hasi da, eta gaur, Zeraingo Iñaki Intxaustik eta Aramako Arantxa eta Maite Zurutuzak izan dute salgai, sorta 2 euroan.
Fruta gorriak eta perretxikoak
Zurutuza ahizpen postuan fruta gorriak ere izaten dira. Aurten ez dira oraindik hasi marrubiekin, baina gaur mugurdiak eta andere mahats gorriak zituzten salgai, bakoitzaren kiloa 18 euroan. Bi frutak ontzi txikietan zituzten prestatuta, mugurdiena 3 euroan saltzen zuten, eta andere mahatsena, 2 euroan.
Perretxikoen eskaintza, azkenik, hauxe izan da: 305 kilo ziza kiloa 15 eta 38 euro artean, 90 kilo onddo (15-38 euro), 30 kilo ziza hori (20-25 euro), eta boilur beltza, kiloa 300 euroan.
Bisitak, Bilbotik
Bisiten atalean ere izan da zer aipatu, Ordiziako feria ezagutzera Bilbotik iritsitako emakumez bete delako gaur goizean Plaza Nagusia eta inguruak. Aletu emakume taldekoak ziren, 47 lagun guztira.