Azoka solidarioa egingo dute Olazabal institutuko ikasleek
Ekainaren 18an izango da, asteazkenean, Legazpiko erdigunean, eta bilduko duten dirua Aspanogi elkartearentzat izango da.

Olazabal institutuko ikasleek azoka solidarioa egingo dute hilaren 18an, asteazkena, herri erdigunean. Bigarren eskuko gaiak salduko dituzte, eta ateratzen duten dirua, minbizia duten haurren familien aldeko Aspanogi elkarteari emango diote. Eguraldi ona eginez gero, Nafarroa kalea eta Kale Nagusia elkartzen diren plazan egingo dute, Elizondo tabernaren inguruan, 10:00etatik 13:00etara, eta eguraldi txarrarekin, postu guztiak elizako arkupeetan jarriko dituzte.
Azokarekin, ikasturtean erakunde solidarioekin egindako lanketari amaiera emango diote. Proiektu honetan DBHko lehen eta bigarren mailako eta Gela Egonkorreko ikasleek parte hartu dute, irakasleen laguntzarekin.
Aspanogiren alde
Elkartasuna izan da ikasleen lanketaren ardatza. Tutoretza eta Proiektu Komunitarioko orduetan landu dute gaia. Lehenik, helburu solidarioa duten elkarteak aztertu dituzte taldeka, eta egiten duten lanari erreparatuta, bat aukeratu dute, bozkaz.
Aspanogi izan da aukeratutakoa. Proiektuaren atzean dauden irakasleek azaldu dutenez, «ikasle batek baino gehiagok proposatu duen elkartea izan da, eta ematen duenez, badago nolabaiteko sentsibilitatea haurren minbiziaren inguruan». Interes hori ikusita, elkarteko kideak institutura joango dira datorren astean, DBHko lau mailetan egiten duten lana azaltzeko.
Elkarte solidarioak aztertzeaz gain, Aspanogiren aldeko azoka antolatzea izan da ikasleen beste zeregina, eta horretarako talde lana egin dute: materiala biltzea, sailkatzea eta txukuntzea, prezioak jartzea…
Azokako salgaiak
Institutuko ikasleek, irakasleek eta familiek emandako gaiak jarriko dituzte salgai, batez ere arropak, liburuak, jostailuak, mahai jolasak eta apaingarriak, eta ikasle batzuek egindako artisau lan batzuk ere bai, liburuetan orriak markatzekoak, bitxiak, xaboiak edo koadernoak, adibidez. Ikasleen familiek egindako gozoak ere salduko dituzte, eta “gure institutuaren aniztasunaren isla izango da eskaintza gastronomiko hori”, irakasleen esanetan.
Baina oraindik materiala biltzen ari dira, eta legazpiar guztiei deialdia egin diete, kolaboratzeko. Norbaitek lagundu nahi badu eta etxean soberan duen hori elkartasun proiektu honetarako eman, institutuarekin harremanetan jarri besterik ez du egin behar, 943 89 92 13 telefono zenbakira deituta.
Azoka festa giroan egingo dute, musikaz lagunduta. Aspanogiko kideak ere izango dira bertan, elkartearen materiala saltzen eta informazioa zabaltzen. Legazpiar guztiak gonbidatu dituzte bertatik igarotzera eta gauzak erostera, “diru asko biltzea da gure asmoa”.
Ikasleek proiektu honetan lan egitea asko gustatu zaiela aitortu dute, eta irakasleak ere pozik geratu dira, helburu bikoitza bete dutelako: «alde batetik, helburu solidarioa duten elkarteak hobeto ezagutuz, gizarte gaien inguruan sentsibilizatzea; eta bestetik, lankidetzan arituz, herrian bertan egindako lana komunitateari ezagutaraztea». l