Goierritarrak, ‘Herri libre baten’ bidean
Gure Eskuk ‘Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki’ mobilizazioa antolatu du larunbatean Bilbon. Goierritik autobusak antolatu dituzte. Idiazabalen gaur ekitaldi berezia egingo dute.

Gure Eskuk ekitaldia egingo du larunbatean Bilbon, Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean. Bilbora joateko Goierriko hainbat herritan autobusak antolatu dituzte eta oraindik izena emateko aukera dago. Idiazabalen, Bilbora joateko deialdi berezia egingo dute, gaur, herriko plazan, 18:30ean, «herri argazkia» aterata ikurrina erraldoiarekin. Herriko kantu taldeak eta Axari dantza taldeak parte hartuko dute ekitaldian. Gure Eskuko materialaren salmentarako mahaia jarriko dute eta bertan ere egongo da autobusean izena emateko aukera. Zizka-mizkak ere jarriko dituzte.
Herri baten agerraldia
Ekaina data seinalatua izaten da Gure Eskurentzat. Duela 11 urte, 2014ko ekainaren 8an, Durango eta Iruñea artean 123 kilometroko giza katea antolatu zuen. Etzikoa, Iñigo Zapirainek zehaztu duenez, beste «herri baten agerraldi» bat izango da: «Zazpi lurraldez osatutako nazio bat erakutsiko diogu munduari, bere hizkuntzaz eta kulturaz harro dagoena, bere burua gobernatu nahi duen nazio anitz bat».
Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki mezuarekin «euskal herritarrok geure etorkizuna libre eta mugarik gabe erabakitzeko eskubidea dugula» aldarrikatuko dute. «Ez garela inor baino gehiago, baina gutxiago ere ez. Eta etorkizun hori elkarrekin eraiki nahi dugula, demokratikoki, beldurrik gabe eta geure aniztasunetik».
Gizarte eragile ugarik bat egin dute Gure Eskurekin: besteak beste, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuek, Etxalde mugimenduak, Bilgune Feministak, Euskalgintzaren Kontseiluak, pentsiodunen mugimenduak, EGI eta Ernai gazte antolakundeek, eta 144 norbanakoren artean, Mikel Irizar, Idurre Eskisabel, Xabier Mendiguren eta Martin Aramendi goierritarrek.
Gure Eskuren esanetan, autogobernu gaitasunean aurrerapausoak emateko garaia da, «gaur egun EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ahalmen politiko gehiago eskuratzea helburu duten eztabaida eta prozesu ezberdinak daudelako martxan». Zapirainek azaldu du ez dakitela zer ekarriko duten prozesu eta eztabaida horiek, baina argi dute «euskal lurraldeen arteko artikulazioan eta burujabetza osoaren bidean urrats nabarmenak egiteko baliatu behar» direla. «Horretarako, anbizioa, herri ikuspegia eta herritarren aktibazioa funtsezkoak dira; horregatik aterako gara kalera etzi».
Borondate demokratikoa
Gainera, burujabetzaren beharra eta baliabide juridiko-politiko gehiagoren beharra gero eta agerikoagoa dela dio. «Ez al da logikoa euskal herritarrok zuzenean eta geure errealitatearen arabera erabaki ahal izatea, adibidez, geure gutxieneko soldatak eta pentsioak? Zergatik oztopatu behar dituzte etengabe kanpotik euskararen normalizazioaren bidean egiten ari garen urratsak? Edo nola helduko diegu etorkizuneko erronkei, hala nola adimen artifizialari, klima aldaketari edo migrazioei? Madrilen erabakiko dute erronka horiei nola aurre egin ere?». Era horretan, «hamaika arrazoi daude esateko Euskal Herriak burujabetza tresnak behar dituela. Eta nagusia, agian, hau da: herritarron borondate demokratikoa errespetatzea».
Egun osoko egitaraua prestatu dute etzi, goizetik gauera arte, Bilboko hainbat gunetan: bertsolariak, pailazoak, castellersak… 17:30ean izango da mobilizazio nagusia, Casillatik abiatuta.
Autobusak herriz herri
- Beasainen: Arrano Tabernan.
- Idiazabalen: Batzokian.
- Lazkaon: Herriko eta Malantza tabernetan.
- Legazpin: Karibe zaharra tabernan eta Aitxuri jatetxean.
- Legorretan: Ostiralero herriko plazan, 17:00etatik 20:00etara bitartean.
- Ordizian: Herriko tabernan eta Goierriko Baratzan.
- Seguran: Herriko lau tabernetan eta Beheko okindegian.
- Urretxun: Osaba, Berit eta Ederrenako tabernetan.
- Zaldibian: Ostiralean plazan, eta ondoren plazako hiru tabernetan.
- Zerainen: Mandio tabernan eta Ostatun.
- Zumarragan: Huts eta Amalur elkarteetan.
- Telefonoz: 688 607 296.
Ordutegiak eta prezioak
- Bi autobus: Bat egun osorako 10:00etan aterata eta itzulera 20:00etan; eta bestea 15:00etan aterata eta 20:00etan itzulera.
- Prezioak: Helduek 12 euro eta haurrek 6 (12 urtera arte).