Hegialde, berriz ere musikaz eta jai giroaz gozatzeko prest
Ostiralean hasiko dira festak, eta igandera arte luzatuko dira, ekitaldiz bete-beteriko egitarauarekin. Xabi Zurutuza arduratuko da pregoiaz.

Aurreko asteburuko Lukas tabernaren inaugurazioa eta Xabier Ortiz de Luzuriaga gogoratzeko mendi bizikleta martxaren inguruan antolatutako festa eguna izan dira bihar hasiko diren Hegialdeko jai handien atarikoak. Ohi bezala, ekainaren hasieran datoz jaiak, eta antolatzaileek enkargatutako eguraldi onarekin, gainera.
Bihar hasi eta igande gauera arte, ekitaldiz bete-beteriko egitaraua dute zain legazpiarrek eta kanpotarrek. Eskuko programa banatuta dago San Joan, Urtatza, Laubide eta Ariztiaundiko etxeetan, eta auzo guneari sarrera ematen dion biribilgunean datozen orduetan jarriko dute ohiko ongi-etorri pankarta. Laubideko kale nagusian karpa jarrita dago, taulatua ere bai, eta beste guztia ere prest dago Hegialde Potxolan aurtengo jaiei hasiera emateko.
Goi mailako jai hasiera
«Giro paregabea» espero dute auzune horretan asteburu osorako, antolaketa taldeko Octavio Cirezek adierazi duenez. «Jaien antolaketa lanetan auzotar asko eta asko inplikatzen dira, gazte asko hurbildu da aurten, eta ideiaz beteta etorri dira». Jai egitarau bete-betea da emaitza». Dirua biltzen, kamisetak saltzen, taloak egiten, programak banatzen… jaien inguruan jende asko biltzen dela nabarmendu du, «askotan, ikusi egiten ez diren lanak egiten».
Egitarauari hasiera ofiziala emateko, aparteko gonbidatua dute aurten, Xabi Zurutuza. Moto pilotu gazte hau arduratuko da pregoia egiteaz, eta suzia jaurti ondoren, confettiz beteko dute guztia, Trapalata txarangari paso emateko. Musikariek auzoei bira ematen dieten bitartean, bestelako bira bat egingo dute herri osoan zehar hainbat auzotarrek, gainerako legazpiarrak festetara gonbidatzeko.
Behin jaiak hasita, parrandak ez du atsedenik izango igande gauean azken su artifizialak isildu arte.
Ekitaldi aipagarrienak
Cirezek hainbat ekitaldi nabarmendu nahi ditu egitarautik. Lehena, ostiraleko afalostean Pshico Clown batukada taldeak eskainiko duen «beldurrezko ikuskizuna, ingurua ilunpean dagoela», eta ondoren Discodelia disko jartzaileak egingo duen saioa, «DJ hau oso ezaguna da, La casa de papel telesailean Pamplona pertsonaia egin zuen aktorea da, Ahikar Azcona nafarra».
Hurrengo egunerako prestatu duten paella bazkaria ere aipatu du Cirezek, «Zamorako eran egindakoa izango delako». Iluntzeko eta gaueko dantzaldiaz arduratuko den orkestra ere ez du alboratzeko, «itzela izango da, iazkoa baino askoz ere hobea». La Huella du izena, eta egundoko ikuskizuna eskaintzeaz gain, guztiak dantzan jarriko dituela agindu du.
Txirrista erraldoi bat ere jartzekotan dira aurten, eta hori berria da. Igande arratsaldean jarriko dute, 16:00etan, San Joan auzoko aldapa baliatuz, eta «haurrentzako eta helduentzako izango da, denentzat».
Betiko gonbidatuak
Bestela, Hegialdeko jaiek ohiko osagaiak eta gonbidatuak izango ditu, eta aurten ere ez dira faltako, besteak beste, Legazpiko konpartsako erraldoiak eta buruhandiak, dultzaineroak, pintxoak banatuko dituzten Atzegiko kideak, Alaitasuna errondaila, Korosti dantza taldeko kideak, herri kirolariak eta barrakak.
EGITARAUA
Ekainak 6, ostirala
- 11:00. Txikiek emango diete hasiera jaiei, txaranga doinuekin, turutekin eta Hegialdeko jantzi tipikoekin
- 19:00. Festen hasiera Xabi Zurutuzarekin, eta Moto 3 erakustaldia
- 19:15. Trapalata txarangarekin, auzoari buelta
- 19:30. Buruhandiak eta gaiteroak.
- 20:00. Pintxoak
- 22:00. Kuadrillen afaria
- 23:15. Pshico Clown Batukada
- 00:30. DJ Discodelia
Ekainak 7, larunbata
- 10:30. Judo erakustaldia Domingo Agirreko kantxan
- 11:30. Haurrentzako herri kirolak
- 12:30. Alaitasuna errondailaren emanaldia
- 14:30. Herri bazkaria. Arroza Zamorako erara. Txartelak aurrez hartu behar dira
- 16:00. Zezen mekanikoa
- 18:30. Korosti dantza taldearen emanaldia
- 20:00. La Huella orkestra
- 21:30. Bingoa
- 00:00. La Huella orkestra
Ekainak 8, igandea
- 11:00. Puzgarriak
- 11:30. Auto klasikoen eta lasterketa autoen erakusketa
- 16:00. Txirrista erraldoia San Joanen
- 19:00. Herri kirol jaialdia
- 20:00. Muxutruk taldearekin erromeria
- 22:30. Su artifizialak