«Egitarau xume baina erakargarri bat antolatzen saiatu gara»
Gipuzkoako 28 eskola txikiek euren festa ospatuko dute igandean Ezkio-Itsason. Amaia Dorronsoro (Legazpi, 1971) Ezkio-Itsasoko herri eskolako zuzendaria urte osoko lanaren testigu izan da.

Urduritasuna eta irrika nabariak dira egunotan Ezkio-Itsasoko herri eskolan. Ez da ohiko lan astea izan, ez ikasleentzat ezta irakasleentzat ere. Igandean Ezkio-Itsason ospatuko den 36. Gipuzkoako eskola txikien festan jarrita dituzte begiak eta gogoa. Urte osoko lanaren ondoren, atzera kontaketa amaitzekotan da.
Urte bete pasa da Adunan eskola txikien festa antolatzeko lekukoa hartu zenutenetik. Nola joan da urtea?
Hasieran urduritasuna bai, baina kokatzea kostatu zen. Azaroan hasi ginen ikusten zer dimentsio izan zezakeen horrelako gauza bat antolatzeak eta orduan hasi ginen maiztasun batzuekin bilerak egiten, lan talde txikitan antolatzen. Ganbara guraso elkartearen inplikazioa ezinbestekoa izan da eta Adunako guraso elkartearen laguntza ere oinarrizkoa izan da guretzat. Orain bai, azken aste honetan oso oso urduri gaude.
Nola bizi dute azken txanpa ikasleek?
Ikasleak laguntzen aritu dira urte guztian, adibidez abestiaren koreografia egiten… Azken aste hauetan modu dinamikoagoan dabiltza, kartelak egiten etab eta beraiek ere beste modu batean ari dira bizitzen azken egunak.
Egun bateko festa da, baina atzetik lan asko dago atzetik.
Urte osoko lanketa izan da. Eskola txikiena sare bat da, eta Gipuzkoako eskola txiki guztiek parte hartzen dugu, orduan beraiek ere motibatzeko ekintzak prestatzen ditugu. Aurten koreografia bat prestatu dugu, eskola txiki guztiek egin dute koreografiaren zatitxo bat eta guztiak batuta osatu da bat… Gauza txikiak dira, baina lotzen joan behar dira.
«Ganbara guraso elkartearen inplikazioa ezinbestekoa izan da festa antolatzerako orduan»
Eskolako komunitatea batzeko, indartzeko balio izan du urte honek?
Bai, baina herri guztiaren inplikazioa ere azpimarratzekoa da. Herriaren laguntzarik gabe ezingo genuke hau aurrera eraman. Jende asko espero dugu igandean eta denak behar bezala artatzeko boluntario pila bat beharko ditugu eta atzean, herritarrak daude.
Urte berezia izan da, ez bakarrik festaren antolakuntzagatik, baita eskola publikoko greba deialdiek ere, eragina izan dutelako ikasturtean.
Ez da ikasturte samurra izan. Eskola txikiak izatea oso aberatsa da, gertuko eskola bat gara, baina erronkak bikoiztu egiten zaizkigu zenbaitetan. Hezkuntzak eskaintzen dituen baliabideak eskola handietan oinarritzen dira eta proportzionalki zenbakiek ez dute beti ematen.
9 haur eta bi irakaslerekin jarri zen martxan Ezkio-Itsasoko herri eskola.
Bai, gaur egun 62 haur daude, 12 irakasle gaude eta 39 familia. Eskola txikien artean eskola handienetakoa gara.
«Hezkuntzak eskaintzen dituen baliabideak eskola handietan oinarritzen dira eta proportzionalki zenbakiek ez dute beti ematen»
Zein erronka dituzue aurrera begira?
Jaiotza tasaren dantza horretan dabil beti eskolen etorkizuna. Herri planifikazio bat beharrezkoa da. Gaur egun daukagun haur kopuruak badauka zerikusia Ezkio-Itsason egin zien etxebizitza berri guzti horiekin, baina horrek ere muga bat dauka. Asmatu egin beharko da bertako gazteei nola eutsi. Eskolak herriari ere ematen dio bere identitatea eta eusteko leku bat. Zorionez udala oso inplikatuta dago eskolarekin eta herriarekin.
Zer da iganderako espero duzuena?
Aurreko urteetako esperientziei begiratuta, badakigu jende asko etorriko dela, eskola txikietako jendea asko inplikatzen da. Ingurukoak ere noski gonbidatzen ditugu festara. Giro polita espero dugu; egitarau xume baina erakargarri bat antolatzen saiatu gara.