Legazpira bizitzera iristen direnei ongi etorria egiteko gida aurkeztuko du udalak datorren ostiralean
Legazpiko 'Ongi etorri gida' udaletxera erroldatzera joaten diren herritar berriei emango zaie, eta udalaren webgunean ere eskuragarri egongo da.

Legazpiko Udalak Ongi etorri gida aurkeztuko du datorren asteko ostiralean, hilak 13. Aurkezpena ddaletxeko batzar aretoan izango da, 17:00etan, eta herritar guztiak daude gonbidatuta.
Gida hori Legazpira bizitzera doazen herritar berriei zuzenduta dago, eta udal zerbitzuek osatu dute, “era erakargarrian”. Sei hizkuntzatan eginda dago, eta udaletxera erroldatzera joaten diren herritar berriei emango zaie zuzenean. Online ere egongo dira bertsio guztiak www.legazpi.eus web orrian, behin aurkeztu eta gero.
Euskara da gidaren ardatza, eta honako bertsiotan osatuta dago: euskara-gaztelania, euskara-arabiera, euskara-urdu, euskara-errumaniera eta euskara-ingelesa, baina azken hau formatu digitalean egongo da soilik. Gidako informazioa osatzeko eta formatua aukeratzeko prozesuan udal teknikariek eta langileek parte hartu dute, gaur egun HAZen ikusten dituzten beharrei erantzuna eman nahian. Gidako azala ere berezia da, eta “mimo handiz” egin du Libe Andueza ilustratzaile legazpiarrak.