Beasain finalerdietara sailkatu da Herriartekoan
Etxean hiru partidetatik bi irabazi arren, Zaldibia kanporatu egin du Hernanik. Azken horien aurka ariko da finalerako lehian Beasaingo taldea.

Kirola da, eta jokatu arte ez dago jakiterik, baina hasierako ustea bete egin da. Goierriko bi herrik, Beasainek eta Zaldibiak, Gipuzkoako Herriarteko Esku-Pilota Txapelketako final-laurdenetako itzulerako partidak jokatu dituzte ostiralean. Beasainek Azkoitia zuen aurkari Gurea pilotalekuan, eta Zaldibiak Hernani Resti pilotalekuan.
Beasain hiru partidetatik bi irabazita –jubeniletan eta nagusietan– zihoan Azkoitira, eta ez zuen hutsik egin. Han ere, bi maila horietako partidak irabazita sailkatu da finalerdietara. Hauexek izan dira emaitzak: kadeteetan, Segurola-Etxaniz 22-7 Goikoetxea-Goikoetxea; jubeniletan, Galartza-Arregi 11-22 Madina-Landa; eta afizionatuetan, Juaristi-Aranbarri 6-22 Azketa-Garmendia.
Zaldibiak 4 eta 2 galdu

Zaldibiako eta Hernaniko pilotari kadeteak, elkar agurtzen partidaren amaieran.Iñaki Gurrutxaga
Sailkatzeko ia aukerarik gabe jokatu ditu itzulerako hiru partidak Zaldibiak etxean Hernaniren aurka. Han hiru partidak galduta, mirari handi samarra behar zuen gertatu, eta ez zen halakorik gertatu. Resti pilotalekuan, hala ere, hiru partidetatik bi irabazi zituen, kanporaketaren azken emaitzari beste itxura emanez. kadeteetan, Mantzizidor-Arrese 12-22 Arsuaga-Zugasti; jubeniletan, Aranburu-Lopez 22-12 Alberdi-Azpeitia; eta afizionatuetan, Sukia-Elizegi 22-11 Apaolaza-Altuna.
Zaldibiako kadeteen partidan, Arresek min hartu zuen bikietako batean, eta Aranburuk ordezkatu zuen azken tantoetan, txapelketan debuta eginez. Iaz Oiartzunen aurka finala jokatuta, aurten ezin izan du final-laurdenetako kanporaketa gainditu.
Finalerdietako joanekoak asteburuan
Beasaingo izango da, horrenbestez, finalerdietan lehiatuko den Goierriko herri bakarra. Hernani izango da aurkari. Beste finalerdia Zestoak eta Oiartzunek jokatuko dute.