Naxara Odriozola eta Maixa Odriozola, Espainiako Txapelketara
Beasaindarra Euskadiko Txapelketako onena izan da, eta ataundarrak hirugarren postua eskuratu du. Biek jokatuko dute Espainiako Txapelketa, uztailean.

Denboraldi bikaina egiten ari dira Naxara Odriozola Lekuona (Beasain, 2009) eta Maixa Odriozola Aierbe (Ataun, 2009) goierritar lehengusuak, eta maila ezin hobea erakutsi zuten, beste behin ere, iragan hilaren 1ean Bergaran jokatu zen Emakumezkoen Euskadiko Txapelketako erlojupekoan. Beasaindarra izan zen helmugaratzen aurreneko txirrindularia, eta Gipuzkoako txapelketako lehenengo postua eskuratzeaz gain, Euskadiko txapelketako onena izan zen. Ataundarra, berriz, hirugarren postuan sartu zen, beasaindarrarengandik bost segundora. Gipuzkoako emakumezkoen artean bigarren eta Euskadikoen artean hirugarren gelditzea lortu zuen. Bigarren urteko kadeteak dira biak, eta Zu-k/Limousin taldearekin lehiatzen dira.
Emaitza hauek, besteen artean, datorren uztaileko aurreneko asteburuan jokatuko den Espainiako Txapelketan lehiatzea ahalbidetuko diete goierritar lehengusuei. Euskadiko selekzioarekin ariko dira, Tarazona de la Manchan (Albacete, Espainia).