Portugalete mendean hartuta, igoera gertuago du Beasainek
Bengoetxearen golari esker, Bigarren Federazio mailara igotzearekin amesten jarrai dezake Beasainek. Hurrengo asteburuan, CD Cortes taldearen aurka jokatuko dute. Batzar Nagusia deitu du klubak ekainaren 27an.

Beasainek geroz eta gertuago du futboleko Bigarren Federazio mailara igoera, larunbatean, Portugaleteren aurkako itzuliko kanporaketan 0-1 irabazi ostean.
Lehenengo zatian, bi taldeek hainbat aukera sortu bazituzten ere, 0-0koarekin joan ziren aldageletara.
Bigarren zatiaren hasieran, Beasain gehiago jokatzen hasi zen zelai erdian. Espazioak zabaltzea lortu zuten, eta 54. minutuan, beasaindarren jokaldi bikain baten ondoren, Ander Bengoetxearen errekortea eta gola iritsi zen, markagailuan aurretik jarriko zituena. Hortik aurrerakoan, Beasain talde osoaren defentsa lana bikaina izan zen. Abantailari eusteko minutuz minutu sufrituz, epaileak partidari amaiera eman zion azkenean.
Hala, urrats bat aurrera egin du Beasainek, eta Bigarren Federaziora igotzeko hurrengo norgehiagokan, CD Cortes taldearen aurka jokatuko dute, hurrengo asteburuan, aurkariaren zelaian.
Batzar Nagusia
Beasain KEk, klubeko bazkideei dei egiten die, ekainaren 27an, ostirala, Loinaz Futbol Zelaiko bileran gelan (Beasain) egingo den ohiko batzar nagusira. Bilera 19:00etan izango da lehen deialdian, eta 19:30ean bigarren deialdian. Ondorengo gaiak landuko dituzte: 2024ko ekitaldiko kontuen balantzea, kontuak ematea eta, hala badagokio, onartzea; 2025eko ekitaldirako aurrekontua; interes publikoko erakundea deklaratzeko eskaera onartzea; 2024-2025 denboraldiko informazio garrantzitsua; 2025-2026 denboraldirako fitxaketen informazioa; eta galde-eskeak.