Diputatuen Kontseilu ibiltaria, Goierriko Berrikuntza Poloan
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Goierriko Berrikuntza Poloan elkartu da gaur goizean, egiten duten lana eta erronkak bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Ordizian, Goierriko Berrikuntza Poloan elkartu da gaur goizean. Goierriko Herrien Ekintza Fundazioko, Goierri Eskolako, Lortekeko eta Goiturreko ordezkariekin bilerak egin ditu Eider Mendoza diputatu nagusiak, Goierriko Berrikuntza Poloaren lana eta erronkak bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin.
Adur Ezenarro Goierriko Herri Herrien Ekintza Fundazioko eta Goieki Garapen Agentziako presidenteak balioan jarri du Goierriko Berrikuntza Poloa: “Denok ezagutzen ditugu Goierriko enpresak eta Goierriko enpresen arrakastak. Baina gaur aldarrikatzea dagokigu, hemen, askorentzat ezezaguna den gure altxor handiena den hau. Goierriko enpresa guztien arrakasta hemen hasten da, aspalditik. Pertsonen formazioa da azken batean gure altxorrik handiena eta hori egiten da hemen”.
Goierriko Herrien Ekintza Fundazioa garai batean CAFek zuen Lanbide Eskolatik abiatu zela gogoratu du Ezenarrok, “eta gaur egun Berrikuntza Polo bat bilakatu da. Lanbide Hezkuntza ez ezik, unibertsitatea, ikerketa zentroa, Goieki garapen agentzia dauzkagu. Gure datozen urteetako erronka da Berrikuntza Polo honek jarraitzea eskualdeko erronkei zerbitzua ematen”.
“Goierriko enpresa guztien arrakasta hemen hasten da, aspalditik. Pertsonen formazioa da azken batean gure altxorrik handiena eta hori egiten da hemen”
Adur Ezenarro. Ordiziako alkatea eta Goiekiko presidentea
Goierriko Herrien Ekintza Fundazioko Carlos Ormazabal zuzendariak hasiera izan du gogoan: “80ko hamarkadan lankidetza publiko-pribatu baten bitartez, udalen eta enpresen aldetik sortzen da Goierriko Herrien Ekintza Fundazioa. Gaur egun osatuta dago bailarako 18 udal eta 43 enpresekin”.
Hasiera batean, “sortu zen Goierri Eskolari babes juridikoa eman ahal izateko. Baina bailarako plan estrategiko baten bitartez, gaur egun dauzkagu bailarako garapenerako zazpi erakunde: Goierri Eskolan hezkuntza arautuan eta ez arautuan mila ikasletik gora dabiltza, Ikaslan praktiketako zentroa, enplegu eta orientabide zentroa, Ingeniaritza unibertsitatea, Goieki garapen agentzia eta Lortek. Baina guztiaren oinarria Goierri Eskola izan zen”.
“80ko hamarkadan lankidetza publiko-pribatu baten bitartez, udalen eta enpresen aldetik sortu zen Goierriko Herrien Ekintza Fundazioa”
Carlos Ormazabal. Goierriko Herrien Ekintza Fundazioko presidentea
Formazioa eman eta enpresei zerbitzuaz gain, “etorkizunari begira ere ari gara lanean”, azpimarratu du. “Diputazioari esan, gurekin daukatela tresna bat gipuzkoarron eta goierritarron garapenerako eta ongizaterako tresna bat”.
Hamalaugarren kontseilu ibiltaria
Diputatuen Kontseilu ibiltaria gaur Ordizian egiteko arrazoia azalduz hasi du adierazpen saioa: “Goiturrek 25 urte betetzen dituen honetan baliatu dugu gaur Gobernu Kontseilua Berrikuntza Poloan egitea”.
Hamalaugarren kontseilu ibiltaria izan da: “Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdiaren hasieran erabaki zuen Gipuzkoa plazatik Gipuzkoako plazetara pasako ginela, alde batetik, Gipuzkoan barrena egiten diren hainbat eta hainbat ekimen ezagutzeko, baina batik bat, elkar ezagutu eta elkarlana sustatzeko. Horren adibide nagusienetako bat da, Goierrin egiten ari dena”.
“Eredu partekatu hau da lurraldean behar dena eta elkarlanerako eredu bikain bat”
Eider Mendoza. Gipuzkoako Diputatu Nagusia
Gogoratu du, behar batetik sortu zela Fundazioa: “Industria oso indartsua zegoen Goierri aldean baina behar zen formakuntza, behar zen ikerkuntza eta enpresek ere behar zituzten zerbitzuak, eta behar horretatik sortzen da Goierriko Herrien Ekintza Fundazioa. Horrek izan duen garapena sekulakoa izan da. Hemengo indargune honetatik garapen ikusgarri bat sortu zen, Goierriri sekulako ekarpena egin diona, eta Goierrirekin batera gure lurraldeari, Gipuzkoari eta gure herriari, Euskadiri”.
Zehazki, Mendozaren esanetan, “eredu partekatu hau da lurraldean behar dena eta elkarlanerako eredu bikain bat”. Era horretan, “bide honetatik” jarraituko duela adierazi du, “etorkizuneko gure beharrei zer nola aurreratu eta egokitu. Proiektu horiek ere konpartituko ditugulakoan aurrera egingo dugu elkarrekin. Gaurkoan denei eskerrak ematea dagokigu egiten duten ekarpenagatik. Orain arte egindakoa eta etorkizunean ere ekarpen hori partekatua izango delako”.

Diputatu Kontseiluaren bilera.Loinaz Agirre.