Ilintik 300 euro oparituko ditu abanikoen porrarekin
Herriko sei saltokitako erakusleihoetan banatuta dauden abanikoen kopurua asmatu behar da oraingoan.

Legazpiko Ilinti merkataritza elkarteak kanpaina berria du martxan astelehenetik, eta oraingoan ere berriz heldu die hain arrakastatsuak izaten diren jokoei edo porrei. Dagoeneko martxan dagoen joko berri honetan 300 euroko erosketa txartela jasoko du irabazleak.
Gerturatzen ari den udari erreferentzia eginez, abanikoak dira oraingo protagonistak. Ilintik abanikoak banatu ditu elkarteko kide diren sei saltokietako erakusleihoetan. Herriko kale desberdinetan daude saltoki horiek, eta erosleek, banatuko zaien mapa bati jarraituz, aurkitu egin beharko dituzte eta guztiak zenbatu.
Atzo hasi ziren joko honetan parte hartzeko txartelak banatzen, eta hilaren 24ra arte eskuratu ahal izango dira.
Abaniko kopuru osora gehien hurbiltzen denak irabaziko du jokoa, eta sari gisa, Ilintiko establezimenduetan gastatzeko 300 euroko erosketa txartela jasoko du.