Itsasondoko ikasleak, udal ordezkariekin
Itsasondoko ikasleak udal ordezkariekin elkartu dira gaur, Eskolako Agenda 2030aren barruan.

Eskolako Agenda 2030aren barruan, Itsasondoko ikasleak udal ordezkariekin elkartu dira gaur aurten egindako lanketa borobiltzeko. 2024-2025 ikasturtean, ura izan da herri mailan aztertutako gaia. “Hau, 6. Garapen Jasangarrirako Helburuari lotuta egongo litzateke, Ur garbia eta saneamendua”.
Haur Hezkuntzakoek lanketa “anitza” burutu dute. “Herrian garbiketak egin dituzte, itsasoko ekosistemak landu dituzte eta ilar haziak ere erein dituzte”.
Lehen Hezkuntzakoek, berriz, motibazio fasean antzararen jolasean, bideoak ikusten… egon ondoren, hainbat ekintza burutu dituzte. Batetik txikienek (LH 1-3) herriko iturrien egoera aztertu dute, ur emaria, emariaren denbora… behatuz. Bestetik, nagusienek (LH 4-6) ur kontsumoaren inguruko proiektua landu dute, brigadako Jexux Mari eta Danelen laguntzaz eta Itsasondoko uraren zikloa ezagutu dute, Gaikaoko araztegia ere bisitatuz. Lanketatik ateratako emaitzak, ondorioak eta grafikoak herriari zabalduko zaizkio.
Lanketa guzti horietatik ateratako ondorioak bildu, eta hobekuntzarako proposamen batzuk prestatu dituzte ikasleek. Era berean, konpromisoak ere hartu dituzte. Emaitza guzti horiekin, gaur, udal ordezkariekin elkartu dira beraien ikasturte honetako jarduna azaltzeko.