Aranak eta piperrak, feriako gaurko izarren artean
Produktu berri ugari ari dira iristen azken asteetan baratzetatik eta fruta arboletatik, baita lore berriak ere. Gaurko feria Plaza Nagusiaren estalkiaren mendeurrena ospatuz egin da. Feria amaitutakoan, plaza ondotik Albaolatik Aralarko San Migelera idiekin garraiatzen ari diren egurrezko atea igaro da.

Neguko produktuak hasita daude udakoei lekua ematen Ordizian ferian, eta izan baratzetik izan fruta arboletatik iritsitakoak, azken asteetan etengabea da barazki, fruta eta bestelakoen aurkezpena. Gaur bertan, produktu berri dezente iritsi dira, eta loreen artean ere izan dira berritasunak.
Hori guztia, ospakizun garrantzitsu batez lagunduta gertatu da, gaur Plaza Nagusiko estalkiaren mendeurrena ospatu baita, eta hori gogoratzeko ekitaldi instituzionala egin da bertan goizean zehar. Horren kontura, oparitxo bat eman diete udal agintariek estalki horren aterpean asteazkenero feriara saltzera joaten diren baserritarrei eta ekoizleei, eta telebista saio bat grabatu dute bertan.
Ez da hori izan goizeko gertaera berezi bakarra, eguerdian, feria amaituta zegoela, plaza ondotik igaro delako Aralarko San Migel elizara bidean Albaolatik atera den segizioa. Pasaiako faktoria horretan konpondu dute Aralarko elizaren atea, eta idiz tiratutako gurdi gainean daramate bueltan, erromesaldian. Bide horretan, Ordizia erditik pasa da gaur.
Baratzetik iritsitako berritasunak
Baratzak hasi dira ematen, eta nola eman gainera, etenik ez duelako Plaza Nagusira iristen ari diren barazki eta bestelako produktu berriak. Piperra da bat. Uzinek aurkeztu zuen urteko lehena joan den astean, piper ezti luzea, eta gaur Gernika motakoa eta pipermina ere jarri dituzte salgai. Gernika piperra, ondoan Iker sema eta laguntzaile fina zuen Patxi Arizmendik aurkeztu du, eta kiloa 6 euroan jarri du salgai. Pipermina, berriz, Mikel Lasaren postuan izan da salgai, eta Miren Pagolak aurkeztu du, Nafarroakoa, kiloa 6 euroan hori ere.
Patatak ere aipatu behar dira, baina gorriak. Aramako Miren Jauregik bakarrik izaten ditu, eta gaur hasi da horiek saltzen, kiloa 2,5 euroan.
Tomatea ere ugaritzen ari da, eta astetik astera geroz eta luzeagoak dira Jose Mari Uzinen postuan bezeroek osatzen dituzten ilarak.
Landare saltzaileenetan, berriz, ilara horiek desagertzen ari dira, oraindik erosle asko badabil ere. Landare berriak ere iristen dira postu horietara, gaurko eskarola bezala.
Fruta berriak
Arizmendi aita-semeen postura itzulita, tipula gorria ere jarri dute salgai gaur, sorta 2 euroan, baina aramar hauek izan dute atentzio gehiago deitu duen beste produktu bat, aran gorria. Ale txikikoa, baina gozoa, kiloa 3,5 euroan zuten.
Fruta bat gehiago ere aurkeztu dute gaur, Goierri aldean indi-mahats izenez ezagutzen den arakatza. Aramako Arantxa eta Maite Zurutuzak zuten, kiloa 18 euroan.
Loreak eta perretxikoak
Loreetan ere izan dira berritasunak goizean, moztuetan zein bizietan. Lore moztuen artean laranja koloreko lirio ikusgarriez osatutako sortak aipatu behar dira, Zurutuza ahizpek 5 euroan salgai zituztenak. Lore bizietan, Iñaki Azanzak portulaca (6,5 euro) eta celosia (4,5 euro) aurkeztu ditu.
Eta amaitzeko, hau izan da eguneko perretxiko eskaintza, gaur Lasaren eta Barcinaren postuek osatutakoa, Garbiñe Barandiaranek amaitu duelako denboraldia eta gaur ez delako izan Ordizian: 180 kilo ziza (12-40 euro artean kiloa ), 85 kilo onddo (22-38 euro) eta 25 kilo ziza hori (15-25 euro). Azken asteetan bezala, gaur boilur beltzak ere bazeuden salgai, kiloa 300 euroan.