Emaitza onekin hasi du denboraldia Xabi Zurutuzak
Dagoeneko hiru lasterketa egin ditu, eta beste zortzi ditu aurretik. Aurten Moto 2ko Europako txapelketan ari da lehian Andifer American taldearekin. Legazpin duen fan kluba bazkideak lortzeko eta bazkidetzak berritzeko kanpainan dago murgilduta.

Xabi Zurutuza moto pilotuak Legazpin igaro du joan berri den asteburua, Hegialdeko jaien pregoia egiteko antolatzaileek luzatu zioten gonbidapenari erantzunez. Familiarekin eta lagunekin egoteko baliatu ditu egun horiek, eta atseden pixka bat hartzeko ere bai. Izan ere, duela aste batzuk hasi zuen lehia-denboraldi berria, eta erabat murgilduta dago entrenamenduetan eta lasterketetan.
Aurten Europako Moto2 txapelketan ari da lehian, Andifer American Racing Team taldearen babesarekin. Denboraldia zortzi jardunalditan banatutako hamaika lasterketak osatzen dute, eta dagoeneko bi jardunalditan izan da. Emaitza onak lortu ditu.
Estoril eta Jerez
Molina de Segura herrian (Murtzia, Espainia) bizi da Zurutuza, zirkuitua eta eskola gertu dituelako han entrenatzeko eta lasterketetarako prestatzeko. Legazpitik urruti dago, baina familiakoak bisitan joaten zaizkio ahal duten guztietan, baita probetara ere. Denboraldi honetan hiru lasterketa egin ditu dagoeneko, aurreneko biak Estorilen (Portugal), eta hirugarrena Jerezen (Espainia). Estorilen laugarren eta zazpigarren egin zuen, hurrenez hurren, bi kasuetan lasterketa bikainak eginda. Jerezen ere lasterketa ona egin zuen, eta seigarren izan zen. Hiruretan, irabazletik oso denbora gutxira geratu zen.
Emaitza horiek ikusita, Legazpiko pilotuaren inguruan mugitzen den jendea oso pozik dago, eta «sentsazio onak» dituzte denboraldi osorako. Moto 2ko Europako txapelketan ari da lehian, baina kategoria horretako munduko txapelketan lehiatzeko aukerak ere ikusten dizkiote, Andifer American Racing Team taldeko beste piloturen bat ordezkatzea egokitzen bada.
Helburua, «irabaztea»
Xabi Zurutuzak berak, berriz, denboraldia «ondo» hasi duela dio: «Oso gustura nago, taldearekin, motorrarekin…». Izan ere, motor berria du, iazkoa baino handiagoa eta indartsuagoa, eta oraindik «nola funtzionatzen duen ikasten» ari da.
«Irabaztea» da denboraldirako bere buruari jarri dion helburua. «Momentu onak eta momentu txarrak egongo dira, baita momentu hobeak ere», eta azken horiek lortzen jarri du indarra.
Hurrengo lasterketari begira dago jarrita orain. Uztailaren 6an izango du, Frantziako Magny-Cours zirkuituan. Laster joango da hara, test bat egitera, eta zirkuitua ezagutzera.
Aragoi, Italiako Misano, Bartzelona eta Valentzia etorriko dira ondoren.
Lasterketa denboraldia hastearekin batera, Xabi Zurutuzak Legazpin duen fan klubak bazkidetza berritzeko eta bazkide berriak lortzeko kanpaina ere jarri du abian. Aurten ordaindu beharreko kuota 25 eurokoa da, eta bazkideak kamiseta bat eta pegatina bat jasoko ditu, Legazpiko moto pilotua diruz laguntzearen truke.
Jarraitzaile klub honetako bazkidetza berritu edo bazkide bihurtu nahi dutenek hiru aukera dituzte aurten. Alde batetik, xabizurutuzafanclub.com webgunean egin ditzakete tramite guztiak, edo bestetik, Nafarroa kaleko Karibe Zaharra tabernatik edo Laubideko Intsausti tabernatik igaro eta bertan emanda izena.
Xabi Zurutuzaren fan kluba 2021ean sortu zuten herriko motoziklismo zale batzuek, eta ordutik, bazkideen kopurua 150 eta 250 artekoa izan da. Egoitza Karibe Zaharra tabernan dauka, eta lasterketak dituen egunetan, bertan elkartzen dira jarraitzaileak, telebistatik ikusteko eta modu horretara moto pilotuari animoak helarazteko.