Karibe Zaharreko udako musika arratsaldeak
Legazpiko tabernak zehaztuta du datozen asteetarako kontzertu programazioa. Atzo, Suediako The RIven taldeak jo zuen.

Eguraldi ona iritsi da azkenik, eta Legazpiko Karibe Zaharra tabernak kalera atera ditu musika arratsaldeak, emanaldien maiztasuna areagotzearekin batera. Datozen asteetarako programazioa osatuta du dagoeneko, eta uztailaren 11ra arte bost kontzertu iragarri ditu.
Udako programazio hau ekainaren 1ean bertan jarri zuen martxan, Peppermint Sextet taldeak emandako kontzertuarekin. Atzo asteartea ere izan zen musika taberna inguruan, eta kanpoaldean oholtza jarrita, Suediako The Riven taldeak dantza batean jarri zuen ia Kale Zahar osoa bere musika indartsuarekin. The Riven bira bat egiten ari da Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Espainian, eta atzo geldialdia egin zuen Legazpin. Aurretik Bartzelonan, Albaceten, Castellonen eta Logroñon izan dira, eta Karibe Zaharreko emanaldiaren ondoren Portugalete (Bizkaia), Oviedo, Madril eta Zaragoza geratzen zaizkie suediarrei.
Uztailaren 11ra arte
Karibe Zaharran, berriz, bost kontzertu gehiago daude iragarrita uztailaren 11ra arte. Ostiral honetan, hilak 13, Slow Time Blues Band taldeak joko du, 19:30ean, eta hurrengoan, hilak 20, La Fabrika de Boinas taldearen bertsioen txanda izango da. Hilaren 27an, berriz, Painaple pop-punk taldeak joko du, eta hurrengo egunean, hilaren 28an Iñigo Arrazola izango da kantuan Silvio Rodriguezen bertsioekin.
Karteldegiari amaiera emateko, uztailaren 11n Gipsy Fuzz eta Garazi arituko dira, blues doinuak eskaintzen.