Gipuzkoako adinekoen erresidentziatan bigarren greba eguna du ELAk
Elkarretaratzea egin dute gaur goizean Oria-Goierriko ELAko ordezkariek Ordiziako Plaza Nagusian. Bihar, eta uztailaren 9an, 10ean eta 11n ere greba egunak deitu dituzte.
Gipuzkoako adieneko erresidentzietan sei greba egun deitu ditu ELA sindikatuak. Atzo izan zen lehena, eta gaur da bigarrena. Ordiziako Plaza Nagusian elkarretaratzea egin dute gaur goizean Oria-Goierri eskualdeko ELAko ordezkariek.
Grebaren arrazoiak azaldu dituzte ELAko ordezkariek: “Gipuzkoako adinekoen erresidentziatako eta eguneko zentroetako hitzarmen sektorialaren negoziazioa blokeatua dago, patronalek ez baitute langileen aldarrikapen bat bera ere kontuan hartu”.
Sindikatuak emandako datuen arabera, “sektorean 5.000 bat langilek lan egiten dute Gipuzkoan, ia denak emakumeak. Oria-Goierri eskualdean, 11 egoitza daude eta beste horrenbeste eguneko zentro. %90ean Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duen zerbitzu publikoa eskaintzen dute baina lan baldintza prekarioak dituzte”.
Kontratu partzialak
Langileen %40ak “borondatezkoak ez diren kontratu partzialak” dituela zehaztu dute: “Hau enpresa pribatu eta irabazi asmorik gabe deklaratzen diren gehienek mozkinak lortu eta negozio logika batean oinarritzen den zaintza sistema eusteko bakarrik esplikatzen da”. Era horretan, “zaintza sistema erdigunean jarri eta zaintzaileen lan baldintzako hobetuko dituen” hitzarmena eskatzen du ELAK.
Eskari zehatzak ondorengoak dira:
– %100eko jardunaldiko kontratuak langile guztientzat.
– Soldata arrakalarekin amaitzea.
– Asteko lanorduak 32 izatea eta adinean gora doazen langileek erretiroa aurreratu ahal izateko formulak ezartzea.
– Arrisku psikosozialen plan adostuak.
– Zerbitzuak euskalduntzeko baliabideak.
– Trantsizio ekosozialean aurrerapausoak, bertako produktuak txertatuz jatorduetan besteak beste.
Lau greba egun gehiago
ELAren esanetan, “jarraipen zabala” izaten ari da greba. Lehenengo greba blokea bihar bukatuko da eta uztaileko bigarren astean beste hiru greba egun gehiago izango dira: uztailaren 9an, 10ean eta 11n. “Uste dugu, aldarrikapenak entzun eta lortu ahal izateko aukera bakarra dela greba eta mobilizazioaren bidea”. Bihar, manifestazioa egingo dute 11:00etan Donostian, Gipuzkoako Plazatik hasita.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiari, “sektoreak bizi duen egoeraren jabe egin eta baliabideak jarri ditzala” eskatzen dio ELAk. “Aukera paregabea da genero arrakalarekin amaitu eta zaintza lanak erdigunean jarriko duen bestelako eredu bat ezartzeko”.