Herriko ikasleak elkartuta, ongizate emozionalaren gaia lantzeko
Topaketa egin dute gaur goizean Azokan LH6ko eta DBH3ko ikasleek. Herri mailarako dekalogo bat sortzea da helburua.

Ongizate emozionalaren gaia lantzeko topaketa egin dute gaur goizean Azokan Legazpiko ikastetxeetako LH6ko eta DBH3ko ikasleak, 160 inguru. Topaketa horren helburua ongizate emozionalaren inguruan haurren eta nerabeen ahotsa erdigunean jartzea zen. Horretarako, taldekako lanketa bat burutu dute Elhuyar elkarteko ahilkulariek lagunduta, eta Amaia Jimenez eta Ane Beloki legazpiar gazteek dinamizatuta.
Herriko haurren eta nerabeen ongizate emozionalaren gaia kezka iturri izan zen 2024ko urte hasieran sortu zen Legazpiko Hezkuntza Mahaian, eta orain amaitzen ari den ikasturterako problematiken inguruan hausnarketa egitea jarri zuten helburutzat, “eta horrekin batera, baita ondoezei erantzun eta egoera hobetu ahal izateko, esku-hartze lerroak identifikatzea ere”.
Lan hori egiteko LH6ko eta DBH3ko ikasleak hautatu zituzten, eta horiekin, besteak beste, “herriko ikasgelak espazio zainduak eta seguruak izan daitezen landu dute ongizate emozionala, begirada berdinen arteko harremanetan eta portaeretan,eta horien eraginean jarrita”.
Ikasgeletan landutakoa Azokara eraman dute gaur goizean, eta herriari eta udal gobernuko ordezkariei aurkeztu diete emaitza. Helburua da “guztion artean herri mailako dekalogo bateratu bat” sortzea, “ikasleen arteko harremanetan eragiteko”.
Dekalogo bateratu hori sortu bitartean, gaurko topaketan osatu dituztenak ikusgai egongo dira Bikuña kiroldegiko sarrera eremuan.