Larrun Arri kantu taldeak Emotio abesbatzarekin ospatuko ditu 25 urteak
Larunbatean, Ordiziako elizan, 20:00etan da kontzertua. Larrun Arri kantu talderentzat lehen kontzertua da, eta bakarra.

Larrun Arri elkarteko kantu taldea 25. urteurrena ospatzen ari da, eta larunbata, egun berezia izango da. Izan ere, Larrun Arrik egingo duen lehen kontzertua izango da, 20:00etan, elizan. Ez dira bakarrik arituko Larrun Arriko gizonezko kantariak, emakumezkoen Emotio abesbatzarekin batera ariko baitira.
Larrun Arriko kantariek Iñaki Aierbe zuzendaritzapean sei abesti eskainiko dituzte, eta Emotiokoek Debora Herreroren zuzendaritzapean beste sei. Kontzertuaren amaieran, bi taldeek elkarrekin abestuko dituzte lau kanta.
Iñaki Aierberen habanera
Kantu berezi bat bada guztien artean, El barco de papel habanera, Iñaki Aierbek Larrun Arriren 25. urteurrena ospatzeko sortua. Ordiziarrak azaldu du beti ibili izan dela kantuak moldatzen eta egokitzen: «Baina inoiz ezin zitzaidan bururatu nik kantu bat sortzea».
Baina urteurrenari begira, «zergatik ez kanta bat sortu» pentsatu, eta emaitza, larunbatean estreinatuko dute. Pasodoble eta habanera doinuen uztarketa eta egokitzapen bat da. «Buruan bueltaka neukan pasodoble baten musika, Amando Blanquer Ponsodaren kantu batean zati txiki batean agertzen da, erdi ezkutuan, bukaeran… eta esaten nuen, ze gauza polita. ‘Habanera bati hasiera bat emango nioke’ pentsatzen nuen. Pasodoblea aldatu behar izan nuen, modo maiorretik minorrera pasatu, tempoa pasodoblearena eta habanerarena desberdina da… horiek aldatu eta azkenean lau ahotsetako, batzuetan bost, habanera bat sortu dut».
Letra, kubatar poetarena
Letra ere «bilatu» dio Aierbek. «Bila-bila denbora asko pasatu nuen baina azkenean poesia oso polit bat aurkitu nuen. Por el mar de las Antillas anda un barco de papel poesia, Nicolas Guillen kubatar poeta baten poesia da».
Kontzertu «bariatua»
Emotioko Debora Herrerok aurreratu duenez, «kontzertu oso polita eta bariatua» izango da larunbatekoa. Amaia Dorronsoro piano jotzailea izango dute lagun. Dohainik da larunbateko kontzertua.