Nagusilanen egun handia dator
Adinekoekin lan egiten duen Legazpiko elkarteak 25 urte betetzen ditu aurten. Asteak daramatzate ospakizunekin, eta bihar da ekitaldi gorena.

Legazpiko Nagusilan elkarteak 25 urte betetzen ditu ekainean, eta ospakizuneko egun handia bihar izango da. Goizetik iluntzera arteko egitaraua prestatu dute, «parte hartzearen eta gizarte ekintza solidarioaren bidez nahi ez den bakardadean dauden adinekoei lagunduz, eta adinekoen egoerari buruz sentsibilizatuz» lan egindako urte horiek guztiak ospatzeko.
Elkartea osasuntsu iritsi da 25. urteurrenaren ospakizunera, Santikutz egoitzan, Egunek zentroan, Garagunen, Meaztin, LegazTipi Tapan eta Zilarrezko Harian lan egiten duten 44 boluntario biltzen dituelako gaur egun. Urte hauetan guztietan gehiago ere izan dira.
Egun osoko festa
Festa izango da bihar, baina ekitaldi instituzionalerako tartea ere hartuko dute. Kultur Etxean elkartuko dira, 11:30ean, eta bideo batekin hasiko dira. Boluntarioek jarduten duten erakundeen tartea etorriko da ondoren, eta boluntarioena gero.
Horrela, tarte bat egingo diete azkenaldian hil diren kideei, eta aitortza eskainiko diete elkartean 10, 15 eta 20 urteko ibilbidea dutenei. Omenaldi txiki bat jasoko dute horiek, eta aurreskua ere dantzatuko diete. Gonbidatuta dauden udal ordezkarien hizketaldien txanda etorri da ondoren, eta ekitaldiari amaiera emateko, espresuki sortu duten kanta abestuko dute bertaratutakoen artean.
Taldeko argazkia ere aterako dute, eta trikipoteoa egingo dute gero. Bazkarian elkartuko dira, azkenik, Aitxuri jatetxean, eta topaketa iluntzean amaituko da.
Ekitaldi gehiago
Urte hasieran hasi ziren Nagusilaneko kideak zilarrezko ezteien ospakizunekin, eta orain arte, musikoterapia saioak egin dituzte Eli Gordoa adituarekin, Zilarrezko Haria sprinta ere egin dute Gizarte Zentroan, eta Bizikletaz Adinik Ez elkartearekin paseoak egin dituzte bizikleta bereziekin.

Zilarrezko Haria sprinta egin zuen Nagusilanek, Gizarte Zentroan.