«Aurten ondo ateratzen ari zait dena, oso pozik nago»
Futbola utzi eta martxan buru-belarri hastea erabaki zuen Hodei Caballero Parrak batxilerra hasi zuenean, aitaren bideari jarraituz. 23 urtez azpiko mailan Euskadiko errekorra ondu du bi aldiz bi hilabeteren buruan.

Bi hilabetean bi aldiz ondu du Hodei Caballero Parrak (Ordizia, 2003) martxako Euskadiko errekorra; azkena, pasa den larunbatean. Europako txapelketako gutxieneko marka ere eskuratua du Caballerok, baina uztailaren 6ko proban erabakiko da, joango den ala ez. Realeko atleta da ordiziarra, eta Granadako (Espainia) errendimendu altuko zentroan dabil.
Bolada onean zaude.
Bai, gauzak ondo ateratzen ari zaizkit. Urtero joan naiz hobetzen. Aurten da 23 urtez azpiko mailako azken urtea. Denboraldi aurrean esan nuen: urte hau hartu behar dut, azkena izango balitz bezala, eta dena eman behar dut, zaindu behar naiz gehiago… Beste urteetan ere egin dut hori dena baina aurten gehiago. Europako txapelketa ere aurten da eta helburu edo motibazio bezala jarri nuen. Egia da, aurten ondo ateratzen ari zait dena. Nahiz eta lanak ondo egin, beti gauzak ez dira ondo ateratzen. Eta atletismoan oraindik gutxiago. Egia esanda, oso pozik nago.
Heldutasuna eta esperientzia ere lagungarri izan daitezke?
Baita. Adina eta esperientzia. 20 kilometrotan ere esperientzia behar da. 20 kilometrotan esperientzi hori hartuta daukat eta horrek asko lagundu dit aurten. Mentalki ere, beste heldutasun bat daukat, nigan konfiantza handiagoa daukat, eta hori asko laguntzen ari zait.
Martxoan Espainiako txapelketan brontzezko domina lortu zenuen eta Euskadiko marka: 20 kilometro, 1:27:53 denboran. Bi hilabetera, ia minutu eta erdian hobetu zenuen zure marka, 1:26:25.
Denboraldi hasieran, urtarrilean, Sierra Nevadan, altuerako kontzentrazioa egin genuen. Lehenengo txapelketa ez zen oso ondo atera, baina ez nuen etsi. Entrenamendu onak egiten ari nintzen, sentsazioak oso onak izan ziren. Handik hiru astera, Espainiako txapelketan helburua zen podiumaren bila joatea. Egia da, karreran sentsazioak oso onak izan zirela eta ondo atera zela. Eta oso pozik. Subidoi handia izan zen, denboraldia borobiltzen joateko.
Europako txapelketara joateko gutxieneko denbora ere lortu zenuen A Coruñan.
Espainiako txapelketan Euskadiko marka hobetu nuen, baina Espainiako Federazioak Europako txapelketarako jartzen zuen gutxieneko denbora ez nuen lortu, baina larunbatean A Coruñan bai. Baina gutxieneko denbora hori lortuta sei atleta gaude eta Europako txapelketara hiru joango dira. Uztailaren 6an daukagu Espainiako txapelketa Badajozen (Extremadura, Espainia), eta han erabaki da zein hiru joango diren Europako txapelketara.
«Gutxieneko denbora lortuta sei atleta gaude eta Europako txapelketara hiru joango dira»
Beroa izango duzue seguru asko Badajozen.
Beroa izango da handicap bat, baina beste handicap bat egongo da: 10.000 metro egingo dira pistan. Epaileek gehiago ikusten dute eta txartelaren handicapa hor egongo da. Teknikoki ondo egiten den ala ez, eragina dauka karreran. Beroaren handicapa ere egongo da. 24 buelta, 35 gradutan! 15-20 atleta aterako gara eta horietatik seik daukagu gutxieneko denbora eta karrera taktikoa ere izango da. Hasieratik ez dut uste jendeak tiratuko duenik eta agian azkeneko bueltatan erabakiko da.
Oinez bizkor bai, baina korrika ezin duzue egin. Mugan ibiltzen zarete beti.
Zapatillan jartzeko txip bat atera nahi dute, Tiempo de vuelo neurtzen duena. Zenbateko tiempo de vuelo daukazunaren arabera, txartela da korrika zoazelako. Baina oraintxe bertan subjektiboa da txartelarena, epaileak ikusten duenaren arabera. Batek korrika doala ematen du, baina teknikoki hain ondo disimulatzen duenez, ez da ikusten. Asko dago lantzeko. Espero dugu lehenbailehen txipa jartzea.
Konpetentzia ona da marka hobeak lortzeko?
Hori ondo datorkigu, markak hobetzen joateko. Inoiz baino maila handiagoa dago. Martxan Espainia beti izan da erreferente. Olinpiar Jokoetan, eta Munduko eta Europako txapelketetan ikusten da, beti Espainiakoak aurrean ibiltzen dira. Adibidez, beste herrialde batzuetan, nire markarekin Europako txapelketara joango nintzateke, eta marka okerrago batekin ere bai.
Presioa nola eramaten da?
Pentsa, gutxienekoa egin dut eta oraindik ez nago sailkatuta Europako txapelketarako. Hiru-lau aste gehiago egon behar naiz tope entrenatzen. Europako txapelketa Norvegian da aurten, uztailaren 17tik 20ra, justu Ordiziako festak baino lehenago. Baina denboraldia oso ondo joan da, eta plaza lortzen badut, sari bat bezala izango da. Ateratzen bada ondo, eta bestela ere pozik denboraldia oso ondo joan delako.
«Olinpiar Jokoak oso urruti ikusten ditut, eta horretarako beste salto bat eman beharko nuke»
Hurrengo urtean maila absolutuan ariko zara.
Bai, eta distantziak ere aldatu egiten dira. 20 kilometrokoa kendu egingo dute, eta maratoia (42,195 km) eta maratoi erdia (21.095 km) distantziak izango dira aurrerantzean. Hurrengo urtean ea denboraldia nola bideratzen dudan, baina maratoi erdia hartuko dut, kilometro bat gehiago da, ez dago diferentzia handirik. Entrenatzailearekin hitz egin beharream nago ea zein proba prestatu, baina egia da oso gaztea naizenez, ez dut nahi distantziaz aldatzea hain azkar.
2028an, Los Angeleseko Olinpiar Jokoak dira.
Hori oraindik oso urruti ikusten dut eta beste horretarako beste salto bat eman beharko nuke. Egia da beti izan dela kirolari baten ametsa Olinpiar Jokoetara joatea. Ez goaz gaizki bideratuta baina oraindik pentsatzen dut salto handia dagoela. Oraindik beste batzuei uzten diet, baina ahal da izan helburuetako bat horra iristea. Beti da amets bat Olinpiar Jokoetan parte hartzea.
Granadan bizi zara 18 urte zenituenetik, ikasten eta entrenatzen.
Hemen ez dago ohitura martxa egiteko, eta entrenatzailerik ere ez dago. Granadara beka batekin joateko aukera eman zidaten, han dagoelako, martxako errendimendu altuko antzeko zentro bat. Han alde bat daukat, Olinpiar jokoetara joaten direnak daude, Europako txapeldunak… Martxako espezialitatekoak gara denok. Seguraski, han jarraituko dut.
Hemen martxa egiteko ohiturarik ez dagoela diozu. Zu nolatan hasi zinen atletismo modalitate horretan?
Jubeniletara arte, futbolean aritzen nintzen. Jubeniletan martxa egiten hasi nintzen aitarekin, denbora tarteetan. Aitona izan zen aitaren entrenatzailea eta aita martxako atleta. Aitak pistara eraman ninduen, martxa probatzeko. Azkenean egia da, klubetan parte hartzeko Euskadiko txapelketan, martxadoreak behar dituztela. Ni bat izan nintzen Txindokin. Hortik aurrera ikusten nuen futbolean baino maila gehiago nuela, edo urrutirago iritsi nintekeela atletismo bidetik. Eta gehiago ere gustatzen zitzaidan, gehiago gozatzen nuen bidaietan joaten, Espainiako txapelketetara joaten… bidaia asko dira, emozio asko eta oroitzapen asko. Horrek motibatu egiten ninduen eta hortik hasi nintzen.
Entrenatzailea nor izan zenuen?
Aitak pistara eraman ninduen baina Josu Gomez Ezeiza entrenatzaile tolosarra aurkitu genuen. Tolosara joaten nintzen baita ere entrenatzera. Eibarko Markel Gutirekin ere entrenatzen nuen, baina ni baino zaharragoa zen. Azkenean, batxilergoan hasi nintzenean erabaki beharra neukan futbola edo atletismoa aukeratu. Eta orduan hasi nintzen atletismoan egunero entrenatzen eta teknikoki pixka bat hobetzen.
«Ez da futbola, baina atletismoan Realarekin egotea, Euskadiko talde onenean egotea da. Estatu mailan, lehenengo hiru onenetakoa da»
Futbolean ez zinen Realera iritsi, baina atletismoan bai.
Bai. Atletismoan Txindokin hasi nintzen hasieran. Txindokin oso ondo eta oso gustura egon nintzen. Baina nire entrenatzailea Tolosakoa zenez, Tolosarekin fitxatu nuen. Pare bat urte egon nintzen, eta azkenean, Ligatarako Realak deitzen zidan. Orain dela bi-hiru urte akordio bat egon zen, Realarekin fitxatzeko eta lehiatzeko. Egia esanda, ez da futbola baina atletismoan Realarekin egotea, Euskadiko talde onenean egotea da. Estatu mailan, lehenengo hiru onenetakoa da.
Granadako esperientzia ere ona izaten ari denaren seinale dira emaitzak.
Batxilergoa bukatu nuenean, erabaki beharra neukan zer ikasi. Bestetik, salto bat eman nahi nuen atletismoan. Hemen oso zaila da martxa talde bat aurkitzea. Hemen ez dago ohitura martxa egiteko, eta entrenatzailerik ere ez dago. Granadara beka batekin joateko aukera eman zidaten, han dagoelako, martxako errendimendu altuko antzeko zentro bat. Han talde bat daukat, Olinpiar jokoetara joaten direnak daude, Europako txapeldunak… Martxako espezialitatekoak gara denok.
Hemen Josu Gomez zen nire entrenatzailea, eta hango entrenatzailearekin Jacinto Garconekin hitz egin zuen. Aste Santu batzuetan joan nintzen probatzera. Oso ondo hartu ninduten, familiakoa banintz bezala tratatu ninduten. Oso gustura etorri nintzen eta probatzea erabaki nuen.
Matrikula egin nuen goi mailako arkitektura ikasketetan. Han nago entrenatzen eta ikasten.
«Granadan 15 pertsona gaude taldean, goiz eta arratsalde entrenatzeko geratzen gara… eta horrek asko laguntzen du»
Granadan jarraituko duzu?
Bai, seguraski bai. Hemen oso zaila da uztartzea bi gauzak, eta are eta gehiago entrenatzailea eta taldea han edukita. Hemen bakarrik entrenatu beharko nuke. Norbaitek lagunduko zidan, baina han ezberdina da. Han 15 pertsona gaude taldean, goiz eta arratsalde entrenatzeko geratzen gara… eta horrek asko laguntzen du. Aurten nabaritu dut, zoriontsua izan naizela. Horrek ere laguntzen du emaitzak hobeak izaten. Egin dugun taldea aurten, oso ona izan da, nahiz eta beraien aurka lehiatzen naizen txapelketetan. Azkenean, hainbeste ordu pasatzen digunez juntu, anaiak bezala gara.
Aitona, Txato Caballero, gustura egongo litzateke.
Familiako bazkarietan eta topaketetan beti komentatu izan dugu hori. Pena da ez nuelako ezagutu. Baina badakit pozik egongo dela egiten ari naizenarekin.