Bisita gidatuak egingo dituzte Ezkioko amabirjinaren aterpera
Lenbur Fundazioak eskainiko ditu, udako agendaren barruan. Aterpea, agerraldien tokia eta Bereziartua anai-arreben etxea erakutsiko dituzte. Gidaria Sabino Legarda-Ereño legazpiarra izango da.

Lenbur Fundazioak bisita gidatuak eskainiko ditu udan Ezkioko amabirjinaren aterpera. Sabino Legarda-Ereño legazpiarra izango da gidaria, eta izena eman beharko da 631 016 237 telefono zenbakira deituta.
Uztailaren 5ean hasita, irailaren azken asteburuan amaituko dira. Arratsaldez izango dira, 17:00etatik 19:00etara. Topa taberna ondoa izango da abiapuntua, handik gertu dagoelako amabirjina agertu zitzaiela esan zuten Bereziartu anai-arreben etxea. Aterperainoko kilometro erdia oinez egingo dute gero, gurutze bidetik gora, eta geldialdia egingo dute agerraldiak gertatu ziren lekua ezagutzeko. Aterpean, historia guztia azalduko die gidariak, eta ondoan dagoen iturriko «ur miraritsua» edateko gonbita luzatuko die bisitariei.
Bisitariak iristen dira
Legarda-Ereñok dioenez, Ezkioko amabirjina «indar handia hartzen ari da, subkontziente kolektiboan oso bizirik dago. Jendeak jakin egin nahi du zer gertatu zen, zergatik gaitzetsi ziren agerraldiak…». Telebistako Cuarto Milenio programan eta beste komunikabide batzuetan agertu izanak «ezagunago» egin du, «eta orain inoiz baino biziago dago».
Horregatik bisitari taldeak joaten hasiak dira Ezkiora. Azkena, pasa den asteburuan bertan izan zen. Madrileko eta Andaluziako jendez osatutako talde bat zen, Ezkioz gain, Bizkaiko Unbe eta Kantabriako Garabandal bisitatzeko asmoa zuena. Legarda-Ereño berak egin zituen gidari lanak Amabirjinaren Lagunen taldeko lehendakari den Cecilio Fernandezekin batera.
Taldeez gain, «jende anonimo asko» ere joaten da, «egunero dabil norbait», eta bada amabirjinarekiko bestelako interesa duenik ere, «hainbat ikasle tesiak egiten ari direlako gai honen inguruan».
Vatikanoko dokumentuen txostena
Bestalde, agerraldien inguruan Vatikanoan gordeta zituzten dokumentuetan oinarritutako argitalpena kalean da dagoeneko. Liburuak Proceso eclesiastico sobre las apariciones de Ezquioga, 1934-1936 du izenburua, eta Antonio Maria Artola apaizak idatzi du, agerraldien inguruan 1934 eta 1936 bitartean egin zuten prozesu eklesiastikoa jasota.
Legarda-Ereñok azaldu duenez, «2006an ireki zuten Vatikanoko artxibategi sekretua, eta han gordeta zeuden Ezkioko amabirjinaren agerraldien inguruko dokumentuetara heltzeko aukera izan zuen gai honetan aditua den Artola apaizak. Igarleen eta lekukoen testigantzak, argazkiak, elizaren ikerketa batzordearen deliberamenduak eta gertaeren kondena aztertzeko aukera izan zuen».
Liburuan bildu zuen hura guztia, eta besteak beste, «elizak lehen agerraldiak ez zituela kondenatzen ikusten da, Bereziartu anai-arrebena, ez zituen aztertu ere egin. Haien ondorengo agerpenak aztertu zituen, Patxi Goikoetxea buru zutenak. Haiek Errepublikaren gobernua eta amabirjina nahastu zituen, eta guztia politizatu zen haren ondorioz».

Legarda-Ereño Bereziartua anai-arrebak bizi ziren etxearen aurrean. Horren ondotik abiatuko dira bisitak.