Gabiriako bertsolaritzaren historia, liburu batean jasota
Liburuak ikerketa proiektu gisa abiatu zuen bidea, 2021ean. Gabiriako bertsolaritzaren transmisioa eta historia "balioan jartzeko" egindako ahalegin bat izan da.

Gabiriako bertsolaritza eta bertsolaritza Gabirian liburua aurkeztu dute gaur eguerdian Osinalde elkartean. Hainbat herritarren, Gabiriako Udalaren eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren elkarlanaren emaitza izan da. Herritar ugari hurbildu da ekitaldira, eta liburuan parte hartu duten egileek, Bertsozale Elkarteak, Kilometroak Kultur Elkarteak eta Goierri Beheko ikastoletako ordezkariek parte hartu dute, besteak beste. Halaber, udal ordezkariak eta herriko bertsolariak ere bertan izan dira.
Liburuak ikerketa proiektu gisa abiatu zuen bidea. 2021an Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak esleitutako bigarren ikerketa beka eskuratu zuen. Eresti Oiarbidek eta Maialen Akizuk sinatu zuten proiektua eta taldean egingo zutela iragarri zuten.
Egileen esanetan, liburua Gabiriako bertsolaritzaren transmisioa eta historia “balioan jartzeko” egindako ahalegin bat izan da, herriaren oroimen kolektiboan “mugarri” bihurtzea espero dutena. Gaineratu dute Gabirian bertsoak duen indarra “izugarria” dela, eta urteetan zehar “normaltzat” hartu den zerbait izan den arren, “azpimarratzeko” ezaugarri bat dela. “Gabirian bertsoarekiko afizioak izan duen lekua belaunaldiz belaunaldi transmititu da, beste oso leku gutxitan bezala”, eta horregatik, “Gabirian bertsoak izan duen eta duen leku kurioso bezain adierazkorra” aztertu dute egileek. Ekitaldia argazki emanaldi eta mokadutxo batekin amaitu da.



























